Zea Mays taldeak jasoko du Adarra Saria

Ekainaren 21ean banatuko diete garaikurra taldekideei, eta kontzertua emango dute ondoren.

Zea Mays talde bizkaitarrak jasoko du Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak banatzen duten 2023ko Adarra Saria. Sariketaren hamargarren edizioa izango da aurtengoa. 

Juan Gonzalez Andres kazetariak, Sara Zozaya musikariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika teknikariak osatutako Aholku Batzordeak egin du hautaketa eta euren arabera, “Zea Maysek oso maila altuari eutsi dio kalitateari eta arrakastari dagokienez, 26 urteko musika-ibilbidean. Ikus-entzuleek eta musika munduko kideek aitortu egin diote eman duten guztia eta jarri duten bihotza. Nabarmentzekoa da, hain zuzen ere, hainbeste lankide izatea, diskoetan zein zuzenekoetan, bai Euskal Herriko artistekin eta bai nazioartekoekin. Euskal rockean eragin handienetakoa izan duen  taldea da eta Euskal Herritik kanpo gehien estimatutako euskal banden artean kokatzen da; eurek plazaratutako hamaika diskoak dira horren erakusgarri”.

Zea Mays taldeak adierazi duenez, sari hau, besteak bezala, "irribarre handi batekin" hartu dute, eta kasu honetan "baita malkoekin ere", euren izena "Euskal Herriko artista hain handien ondoan ikustearen emozioaz". "Guretzako musika beti izan da beharrizan bat eta gure ibilbidean zehar barrutik eta bihotzez sortzen saiatu gara. Maite duguna egiteagatik sarituak izateak oso harro sentiarazten gaitu. Harro gaude baita bidean izan ditugun lagunez, ereindakoaz eta bildutakoaz ere. Sari hau gu guztiona da. Ematen diguzuen maitasunarekin baietz beste 26! Eskerrik asko”, gaineratu dute.

Ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, jasoko dute Marijose Rekalde eskultoreak egindako garaikurra. Hitzordua arratsaldeko 19:30ean izango da, Victoria Eugenia Antzokian. Jarraian kontzertua eskainiko dute kolaboratzaile talde zabalaz lagunduta.

Kontzerturako sarrerak salgai daude 25 eurotan, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta www.donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuten Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak, Amaia Zubiriak eta Joseba Tapiak jaso dute Adarra Saria.