Ze plan astebururako?

Hala da, urtearen azken hilabetean sartzera goaz... beraz, ez gelditu etxean!

SOPELA: Ur berri, urte berri

Gabonak gertu dira, eta dagoeneko airean entzun daitezke garai honetako doinuak... hain zuzen, Gabon kantu sorta berezi bat ezagutzera emateko asmoarekin jaio da Ur berri, urte berri lan erakargarri hau. Izaro, Maddi Oihenart, Maite Larburu, Mikel Urdangarin, Natxo de Felipe eta Igelaren Banda musikariek bat egingo dute ostiral honetan, hilak 30, Sopelako Kurtzio kultur etxean, 20:00etan; bertan, kontzertu berezia eskainiko dute.

Kantuok, oso ezagunak izan gabe, erabat interesgarri eta ederrak dira. Denak neguko solstizioarekin lotutako kantuak izaki, egungo herri musikaren garapenera eta eszenaratzera moldatuta eta gaurkotuta ekarri nahi ditu argitara honako proiektuak.

GASTEIZ: Erabatera

EraBatera ia nahi gabe sorturiko taldea da. Gatibun baketak astintzen aritzeaz gain, kantu zirriborroak pilatzen joan da Gaizka Salazar azken urteotan. Etxean eta berak bakarrik landu ditu ideiak mimo handiz, biribilduz, estudio batean grabatzeko unea iritsi zela sentitu arte. Pauso honetarako, baina, bidaideen beharra zuen eta abestien maketak musikari lagun batzuei erakusten hasi zen, proiektura batzea proposatuz. Horrela gehitu ziren Gatibun ere taldekide duen Mikel Caballero, Ken Zazpiko Beñat Serna eta Willis Drummondeko Jurgi Ekiza.

Lauren artean landu dituzte kantuak, bakoitzak bere ekarpenak eginez, gero Lorentzo Records eta Muxikon estudioetan grabatzeko. Ostegun honetan, hilak 29, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan topatuko dituzu, 21:30ean. Ez galdu!

TOLOSA: Titirijai 2018 - Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia

Beste behin ere, azaroaren 24tik abenduaren 2ra Titirijai ospatuko dute, Tolosako Nazioarteko Txotxongiloen Jaialdia. Oraingo honetan 19 konpainiek parte hartuko dute eta Tolosan eskainiko diren 34 emanaldiei, Sestaon, Ordizian, Eibarren, Donostian, Orion eta Pasaian eskainiko diren beste 13 emanaldi gehituko zaizkie.

Gainera, Jaialdiarekin batera doazen jarduera bezala, aurten Udazkeneko Eskola burutuko da, UNIMA Euskalherriarekin batera, azaroaren 26tik  30era, eta homenaldiz betetako saio bat Titiriteros de Binéfar konpainiari, Pupella Nogués konpainiari, Parque de las Marionetas erakundeari eta Encuentros TEVEO topaguneari.

Urtero egin ohi izaten den bezala, gauero, helduentzako ikuskizunaren ondoren, artistekin hitz egin eta esperientzien partekatzea egin ahal izango da. Galduko duzu? Hemen duzue informazio guztia!

SONDIKA: Ez da kasualitatea

Lau bertsolarirekin batera bi musikari aritu ohi dira (saxoa + gitarra edo biolina + gitarra). Ez da kasualitatea-ko lau bertsolariak eta gai-jartzailea emakumezkoak izaten dira. Hortik izenburua, oraindik, zoritxarrez, gizonezkoz osaturiko saioak baino ez baitira kasualitatez izaten. Denok emakumeak izate horretan nahitaez dago intentzio bat. Saioa ostiralean izango da, hilak 30, Sondikako kultur etxean, 19:00etan. Bertsolariak aldiz, Uxue Alberdi, Malen Amenabar, Miren Amuriza eta Ane Labaka Mayoz izango dira.

IRUÑEA: Oskara Plazara

Nafarroako unibertsitatearen museoan dantzan ibiliko dira Kukai Dantza Konpainiakoak. Oskara Plazara ikuskizuna eskainiko dute ostiralean, hilak 30, 19:30ean; zinema eta dantzako lan bat da Oskara Plazara, Pablo Iraburu eta Iñaki Alforja nafarrek Kukai Dantzako dantzariekin egindakoa. Bertan parte hartzen dute Erramun Martikorena kantautoreak eta euskal kulturako elementuek, kasu, joaldunek, Lesakako ihauteriak, maskaradek eta abarrek. Galdu ezinekoa!

 

BAIONA: Mikel Laboari omenaldia

Mikel Laboa hil zela 10 urte bete diren honetan, Maialen Alfaro & Philippe Albor-en Izarren hautsa ikusgarria interpretatuko dute Baionako Euskal Museoan. Emanaldia larunbatean izango da, abenduak 1, 10:00etan. Ondoren, Mikel Laboa gehiago ezagutzeko asmoz, Josune Albisu Barandiaran Lazkaotarraren tesiaz jakiteko aukera duzue, Mikel Laboa Katedraren laguntzarekin Sormenaren eragina gizartean, Mikel Laboa eredu tesia defendatu baitzuen 2016an. Gozatu!

DONOSTIA: Benito Lertxundi (AGORTUTA)

 

Ospakizun gauean hamar kanta dira, des-ikastearen beharraz, herri menderatuaren oldar askatzaileaz edota senaren ahotsari arreta jartzeaz ari zaizkigunak, J. Bucayren edo F. Pessoaren imajinariora daramatzatenak; horiekin, Jon Maiak Terranovatik ekarritako kantu bat eta bere kanturik ezagunenak ere eskainiko ditu. Ez galdu Benito Lertxundi zuzenean entzuteko aukera larunbatean, hilak 1, Donostiako Kursaalen, 20:00etan.