Ze plan astebururako?

Igande honetan galdu ezin duzun zita daukazu: GAZTEZULO 200 FESTA!

BILBO: GAZTEZULO 200 FESTA!!

Igande honetan, azaroak 25, 18:00etan, Bilboko Kafe Antzokian espero zaituztegu; elkarrekin ospatu nahi dugu une berezi hau: GAZTEZULOk 200. zenbakia kaleratu du! Guretzat oso berezia da zifra polit honetaraino iritsi izana; jakin ezinezkoa izango litzatekeela zuen babesik gabe. Horregatik, zuen fideltasuna eta maitasuna saritzeko, FESTA ITZELA antolatzea erabaki dugu! Hauek dira gure luxuzko kartelera osatzen duten musikariak! ZEA MAYS, LIHER, GRISES, XABI SOLANO, ZURIÑE HIDALGO, XABI BANDINI eta JON BASAGUREN!

Sarrerak 10 euro balio du, baina adi! Prezioaren %5 ALTSASUKO GURASOENTZAT bideratuko dugu. Zergatik? Zuek hala aukeratuta AZAROKO 200. AZAL BEREZIKO protagonistak direlako! EZ GELDITU ZURE SARRERA GABE!

ERRENTERIA: Film Laburren Jaialdia

Azaroaren 22tik 24ra Errenteria Film Laburren Jaialdiaren XXIII. edizioa ospatuko da. Errenteria Film Laburren Jaialdiak ia 800 lan jaso ditu aurten, eta horietatik 33 lehiatuko dira sariren bat eskuratzeko asmoz. Informazio gehiago nahi? film.errenteria.eus/

DONAPALEU: Zinegin

Euskal Herriko Zinema eta Dokumental ekoizpena aurkezteko festibala.

Aurten erakusitako diren filmak: Gure oroitzapenak, Jainkoak ez dit barkatzen, Laburdi, Neskatoak, Oreina, Basque Selfie, Barriola, San Adriango azeria, Handia, Margolaria, Mai da bai eta ezetzik ez dago...

DONOSTIA: Literaktum

Literaktum jaialdiak sekulako plana proposatzen du ostiral honetarako, hilak 23. Anna Karenina eleberri klasikoaren inguruko solasaldia eta afaria izango dira Convent Garden jatetxean. Bestalde, liburu sortak zozkatuko dira emanaldietara hurbiltzen direnen artean.

Bi zatitan banatuko da ekitaldia: lehenik, solasaldi literarioa egingo da eta afari literarioa, ondoren. Solasaldia edonori irekia izango da eta Anna Karenina eleberriaren garaian murgildu eta giro goxoan hitz egiteko aukera izango da. Ondoren, beste ikuspuntu batetik begiratuko zaio Tolstoiren maisulanari: liburuan ageri diren plateretan oinarritutako afarian, hain zuzen. Ba al da liburu bati buruz hitz egiteko modu hoberik? Convent Garden jatetxeak diseinatu du afariko menua eta Slawka Grabowska arduratuko da solasaldia bideratzeaz. Afariaren prezioa 25 euro da. Izena emateko egin klik hemen.

SOPELA: Mursego

Ez dago plan hoberik ostiralean, hilak 23, Sopelako Plaza Beltzera 22:00etan gerturatu eta Maite Arroitajauregi Mursegoren magia musikatuaz gozatzea baino. Txeloa, loop station, txinatar plater txikiak, txifloa, panderoa, organo txikia, txaloak, erritmoak, ahotsak eta dantzak. Dena batera!

IRUÑEA: Negua

Lasai, oraindik ez da urtaro hotzari ongi etorria emateko garaia, baina aurrerapen moduan, ez galdu Bilaka konpainiaren emanaldi hau 948 Merkatua azokaren baitan, ostegunean, hilak 22, 21:15ean, Gazteleku plazan.

Ametsik gabeko mundu batean galdurik, gazte zenbaitek arbasoen errituak eta mitoak berriz interpretatzen dituzte «inbertsio zeremonia» bat eginez. Neguak Euskal Herriko neguko errituak mugiarazten ditu ibilbide emozionala marrazteko, mugimendu erritualak eta dantza tradizionalak helburu bakar bat dutelarik : gauari gaina hartu eta negutik atera...

EIBAR: Liher

GAZTEZULOren festa itzelaren aperitibo gozo moduan, hurbildu larunbatean, hilak 24, Eibarko Untzagara, 23:00etan. Bertan topatuko dituzu Liher taldeko musikariak, iganderako motorrak berotzen!

BAIONA: Esker1000

Larunbatean, azaroaren 24an, EUSKAL IRRATIAK eta MUSIKA BULEGOA egiturek Baionako Lauga gelan musika arloko eta mugaz gaindiko ESKER1000 egitasmoa ezagutzera emango dute.
1000 musikari biltzeko desafioa lortzeko bidean dago; Euskal Herri osotik etorritako 300 musikarik (amatur edota profesional) bat egin dute jada ESKER1000 egitasmoarekin. Azaroaren 24an horietarik 100 bilduko dira: aho bakar batez, Niko Etxart-en «Euskal Rock n’ Roll» kantua, lehen rock kantua euskaraz, elkarrekin abestuko dute. Animatu!