Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Non sartu ote da uda? Bere etorreraren zain gauden tartean, goza dezagun plan zoragarriez! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-75/@@download/image/asteburua.jpg
2018/06/14
Non sartu ote da uda? Bere etorreraren zain gauden tartean, goza dezagun plan zoragarriez!
Ze plan astebururako?

ESKORIATZA: Dekot

Dekot taldeak Demak diskoa aurkeztuko du zuzenean ostiral honetan, hilak 15, Infernu tabernan, 22.30ean. Taldearen lehen diskoa da, eta ilusio handiarekin igoko dira taula gainera; doako planik onena!

 

PASAIA: "Ez hemengo, ez hango"

Gerrako haur izandako aitona eta haurrarekin parkean egoten den emakumea; pisu berean bizi diren hiru gazte langile, langabe edo lan bila; bazterrak nahastera datorren bizilaguna; adineko emakume bat eta haren zaintzaile hegoamerikarra; kaleko saltzailea eta oraindik ere olibondoekin amesten duen gizona; bidaia luze baten ondoren iritsi berri den laguna... Guztiak dira orain herri bereko auzotar, guztiak inongo, hemengo eta hango eta, aldi berean, ez hemengo eta ez hango. Ez galdu ostiral honetan, hilak 15, Orratx! Antzerki Taldearen lan berria, 20:00etan Donibane Kulturgunean.

  • Egilea: Garazi Ugalde
  • Zuzendaritza: Lierni Fresnedo
  • Aktoreak: Garazi Ugalde, Xabin Larrea, Bego Azpiazu, Leire Agirre, Maite Viaña, Mertxe Larrea, Joseba Salaberria, Mohamed

 

BILBO: Gau Zuria

Ekainaren 15eko (ostirala) eta 16ko (larunbata) 21:00etatik 01:30era bitartean, Bilbok bere urte-eguna ospatuko du, eta bilbotarrak ez ezik Bilbora hurbiltzen diren guztiak ere gonbidatuta daude!  Antzerkia, musika, bideo mapping-ak, argi eta soinu ikuskizunak eta esperientzia sentsorialak… hori guztia gozatu ahal izango dute Bilbora datozenek, zentzumen guztiak erne-erne izatea eskatuko duen plazer ibilbide batean barrena. Ezagutu EGITARAUA!

 

ZUMAIA: Amorante

Hogei urteko ibilbidean musikari askoren bidelagun izan arren, duela bospasei urte igaro zen estreinakoz lehen lerrora Iban Urizar, Andrakan taldeko gidari bihurtzearekin bat. Orain berriro itzuli da taula gainera, orduko bulkadari segika, baina orduko apustu folketan tokirik topatu ez zien kantuei beste jite bat emanda. Bakarka dator, arriskatzera. Aldean dakartza gitarra, ukelelea, tronpeta, harmoniuma, zintzarria eta bestelako perkusio tramankuluak; bere berea du ahots tarratatua. Eta looper bat darabil, horiek guztiak behar bezala nahasteko, ordenatzeko, eraikitzeko, apurtzeko. Ostiralean, hilak 15, San Telmo ermitan topatuko duzu, 20:00etan. Ez galdu!

 

URNIETA: Egape Dantza Taldea: "Ez utzi dantzatzeari..."

Egape Dantza Taldeko beteranoenek lehen aldiz kale ikuskizun bat eskainiko dute ostiralean, hilak 15, Urnietako San Joan plazan, 22:00etan; 11 dantzarik eta trikitilari batek salto egingo dute plazako eszenatokira "Ez utzi dantzatzeari..." lelopean. Sekulakoa!

 

GASTEIZ: Freak Festival 2018

Komiki, anime, manga, fantasia, bideo-jokoak eta mahai-jolasei buruzko jardunaldiak, non parte-hartzaileek gustukoen duten gauzekin zerikusia duten tailer, txapelketa eta ekintza desberdinetan parte hartu ahal izango duten zaletasun berdinak dituzten pertsonak ezagutzen dituzten bitartean. Asteburu osoko plan zoragarria Artiumen; animatuko zara?

 

LARRABETZU: MICE

MICE Miren Narbaizaren bakarkako proiektu berria da, eta igandean Hori Bai Gaztetxean topatuko duzu zuzenekoa eskaintzen, 18:30ean. Asteburua borobil amaitzeko plan ezin hobea!