Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Ez dagoelako udako ekaitz bat bezalako fenomeno atseginagorik, gozatu asteburua! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-72/@@download/image/171629435768802368ng4zqEv5c.jpg
2018/05/24
berria
Ez dagoelako udako ekaitz bat bezalako fenomeno atseginagorik, gozatu asteburua!
Ze plan astebururako?

ZARAUTZ: Literaturia

Aurten ere Euskal Letren Plaza bihurtuko da Zarautz Literaturia 2018 jaialdiarekin. Hilaren 24tik 27ra, idazleak, argitaletxeak eta irakurleak nahastuko dira Zarautzeko kale eta aretoetan, literaturarekin gozatzeko. Aingura izango da aurtengo gaia. Antolatzaileen ustez, metafora indartsua da aingura: bizitzako eta, beraz, literaturako gai nagusietako bat da non, noiz, eta nola bota edo altxa aingura. Hala, horren inguruan josi dute egitaraua. Ohi bezala, liburu-aurkezpenak, azoka eta emanaldiak izango dira. Liburuak aurten argitaratutakoak izango dira, eta emanaldietako asko Literaturian eskainiko dira lehen aldiz. Tailerrak ere berriak dira. Horien guztien inguruko xehetasunak jakiteko, bisitatu Literaturia webgunea!

 

DONOSTIA: Mikel Anterorekin solasaldia

GAZTEZULOren komikigile eta ilustrazioaren mago Mikel Antero hilaren 24an Komikigunean izango da, 19:00etan,  Euskal Irudigileen Elkarteak antolatutako hitzaldietan, GAZTEZULOn argitaratutako Lami komikiaz mintzatzen! Benetan galduko duzu marrazkilari bikain hau ezagutzeko aukera? Ziur ilustratzailearen sinatutako marrazki bat eskuratuko duzula! Gehiago jakin nahi baduzu: Mikel Anteroren solasaldia.

 

ERRENTERIA: Emakume musikagileen ahotsa Euskal Herrian

Nolakoa da emakume musikagileen lana gurean? Galdera horri musikarekin erantzungo diote Eugenia Boix, Estitxu Oraá eta Susana García de Salazar ostiralean Errenteriako Kulturgunean eskainiko duten kontzertuan, 20:00etan. Musikaste programaren barruko ekitaldia izango da.

 

HENDAIA: Antzerkiaren Maiatza 2018

Antzerkia, zirkua, dantza, musika... Antzerkiaren maiatza une garrantzitsua da Hendaiako kultura bizitzan eta 34. aldi honek bihurgunea markatzen du festibalaren bizitzan. Izan ere, aldaketa bat gertatuko da, festibalaren antolaketa Théatre des Chimères konpainiaren eskutik Hendaiako Herriko Etxearen Kultura Zerbitzuaren eskura pasatzen baita. Animatuko zara?

 

TOLOSA: Zorion hutsa

Aste guztian zehar TOPIC Tolosaren jaialdia izan da, eta ostiralean, hilak 25, azken ikuskizuna eskainiko du; KATIUSKA antzerki taldearen azken ikuskizuna TOPICen izango duzu aukeran, 22:00etan. Gozatu!

 

DEBA: Bakean dagoenari, bakean utzi

Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai artistek, elkarrekin jositako sei bakarrizketa aurkeztuko dituzte Debako Burugorrin, 21:30ean. Euskara eta generoa umorea gai hartuta, euskalkiak, onomatopeiak, amatasuna, gorpuztasuna eta kristalezko sabaia bezalako gaiak dituzte hizpide ordu bete inguruko emankizunean. Ez galdu!

 

IRUÑEA: Iruña Rock 2018

Aurten Ziudadelak Iruña Rock jaialdiaren hartuko du, hamabi talde eta tokiko zein estatuko rock musikako artistekin: La Raíz, La M.O.D.A, Doctor Deseo, Narco, Tremenda Jauría, Rat-Zinger, Bourbon Kings, Vendetta, Impedanzia, Boufbon Kings, Reincidentes, Penadas por la Ley, Mala Reputación, Governors, Kops, Attikus Finch, Thursday’s Pussy Dogs, El último ke zierre eta Tracción. Kontzertuak maiatzaren 25an, ostirala, eta maiatzaren 26ean, larunbata, egingo dira.

Sarrerak salgai daude leihatilan eta Musikaze.net. Abonamendu osoa 55 €etan eskuratu daiteke eta egun bakarrerako sarrerak 32 €etan.

 

DONOSTIA: Olatu Talka

Indartsu dator aurten Donostiako Olatu Talka jaialdia; asteburu osoan zehar 183 jarduera eskainiko dituzte, eta herritar guztien parte hartzera deitu dute. Animatuko zara, ezta?

Olatu Talka 2018 egitaraua (pdf)

 

SARA: Usopop

Sekulako planaz gozatu nahi baduzu, maiatzaren 26 eta 27ean hurbildu Lizarrietako mendira, Etxalar eta Sara artean. Bertan, Frustration taldearen doinuak, Willis Drummond hirukotearen rock indartsua, DBFCren erritmo dantzagarriak, Lumi bikotearen doinu onirikoak, François eta 4 laminen magia, Bilaka konpainiaren Soka azken dantza ikusgarria eta Coconut DJak izango dira.


27an aldiz, Santa Katalina kaperan eskainiko dituzte kontzertuak. DJ Coconut kolektiboak parkea doinu beroz beteko du eta Gratuit Odizeok musikal bat eskainiko du. Bestalde, Kaperan Orbel laukote gazteak sorginduko zaituzte eta Maria Arnal i Marcel Bages artista katalanek ere erabat aztoratuko zaituztete. Dagoeneko agortu dira bi eguneko paseak, baina oraindik garaiz zaudete egunekoak eskuratzeko hemen

 

BILBO: Hirian 2018

Larunbatean, hilak 26, HIRIAN aitzakia hartuta kaleez gozatzera etortzeko gonbita luzatuko du Bilboko udalak.  Bilbo Zaharreko espiritu urratzaileari leial, doako jardunaldi honetako musika-programazioan proposamen freskoak eta erakargarriak egongo dira. Aurten bada berrikuntza bat ere, agertoki gehiago izango baitira eta beste mota batzuetako guneetan ezustekoak egongo dira. Emanaldiez gain, Maiatzaren biko azoka egingo da; oraingo honetan, azoka bohemio eta alternatibo honek musikari buruzko merkatu berezia egingo du, eta Maiatzaren Bia kalea ikusmirara, ongi pasatzera, parte hartzera eta bigarren eskuko edo eskuz egindako gauzak erostera datozenen topagune izango da. Gainera, Bilboko Diskoaren X. Azoka Internazionala egingo da Bilborocken maiatzaren 26an eta 27an, KLTR Events S.L. enpresak antolatuta. Azoka honetan biniloez gain CDak eta musikari lotutako bestelako bitxikeriak (singleak, ep-ak...) egongo dira.

HIRIAN emanaldi hauek izango dira: Aneguria, Astola & Ratón, Audience, Billy Boom Band, Brisa Fenoy, Daniel Kyo, Dave P, El_txef_a, Flamingo Tours, Hidrogenesse, Javiera Mena, Josele Santiago, Ladilla Rusa, La Prohibida, Los Paralíticos del Ritmo, Mueveloreina, Mujeres, Nathy Peluso, Pional, The Excitements eta Trajano!

Artistok agertoki hauetan izango dira: Hiru Zutabe Plaza, Martzanako Kaia, Mariaren Bihotza Plaza, Erriberako Merkatuaren Plaza eta Bilbo Zaharra Plaza. Ondo pasa!