Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Urtarrileko aldapa ahazteko moduko planak aukeratu ditugu! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-54/@@download/image/cuesta.jpg
2018/01/11
berria
Urtarrileko aldapa ahazteko moduko planak aukeratu ditugu!

URNIETA: Ergela, aurrestreinaldia

Ostegun honetan, hilak 11, Txaloka Produkzioak aurrestreinatuko duen Ergela antzezlana ikusteko aukera duzu Urnietan; emanaldia 19:00etan izango da, Sarobe Arte Eszeniko Gunean. Froga psikologiko batzuetara aurkeztu da protagonista, diru pixka bat irabazteko asmoz. Bere arazo ekonomikoak konpontzeko diru erraza irabaztekotan joan da, baina tranpa eta iruzurra aurkituko ditu ordainetan. Psikologa misteriotsu batek galdera sorta tranpatia egingo dio, gure tontolapikoa urduritasunak jota utzi arte. Halabeharrez, bere onenak eman beharko ditu zoritxarreko amaierarik gerta ez dadin.

Joseba Apaolaza eta Sara Cozar dira Jordi Casanovasen komedia honen protagonista, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean.

 

BILBO: Searching for Sugarman

Dokumental musikal hau oraindik ez baduzu ikusi, benetan merezi du ostegun honetan, hilak 11, BilboArtera hurbiltzea, 19:00etako saiora. Sixto Rodríguez kantautorearen istorio bitxiak harrituta utziko zaitu!

 

 

 

BAIONA: "BECTSO SAIOA", BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIKO 8 FINALISTEKIN

BECeko finalean egoterik izan ez bazenu, hemen duzu zure bigarren aukera! Baionan bertso saioa egingo dute ostiralean, hilak 12, Baionako Antzokian, eta bertan izango dira txapelketa nagusiko 8 finalistak: Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi, Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze eta Igor Elortza.

 

EIBAR: Elliot Murphy

Elliot Murphy abeslari eta rockaren izarrak itzulia egingo du Euskal Herriko hainbat herrietatik, eta ostiralean, hilak 12, Eibarren topatuko duzu. Kontzertua Coliseo antzokian izango da, 20:00etan; sarrerak erosteko, egin klik hemen.

 

BERGARA: Amorante

Iban Urizarren Amorante diskoko abestiak zuzenean entzuteko aukera duzu ostiralean, Bergarako Seminarioan, 20:00etan. "Bost kantaz osatutako soinu postalak eratu ditut nire lehen lanak erakusteko. Soinu postal hauek Alaitz Alberdik eta Joseba Agirrezabalagak marraztu eta serigrafiatuak dira. Rafa Rodrigok origamiz eginiko gutunazal baten gordeak daude, eta gutunazal hau egiteko papera Josune Galartzak sortua da".

 

LEKEITIO: Etxeko saltsak

Txalo produkzioen antzezlan dibertigarri honekin primeran hasiko duzu asteburua. Etxeko saltsak obra ostiralean ikusteko aukera duzu, 20:00etan, Lekeitioko Ikusgarri aretoan. Aitziber Garmendia, Ane Gabarain, Mikel Laskurain eta Aitor Fernandino aktoreek irribarrea aterako dizute!

 

GASTEIZ: Freedonia

Freedonia Euskal herrian da, eta ostiralean, hilak 12, Gasteizko Helldorado aretoan aurkituko dituzu, 22:00etan. Sarrerak 16/18/22 eurotan dituzu hemen.