Ze plan astebururako?

Oporretarako geroz eta gutxiago gelditzen zaizu, baina asteburuan aurreratu zaitez! Hemen dituzu ondo pasatzeko planak!

HERNANI: Delorean

Abenduak 15, ostirala, Delorean taldeak Mikel Laboa lan berria aurkeztuko du Biteri Kultur Elkartean, 22:·0ean. Laboaren jatorrizko grabaketetako pistak erabilita, Delorean taldeak lengoaia bizkor bezain bizia erabiliz, unibertso berri bat moldatu du, Mikel Laboaren arimaren beroa eta kantuen dohainak bazterretan zabaltzen lagunduko duena. Ez galdu Laboari egin dioten omenaldia!

 

GASTEIZ: Maurizia

Gasteizko Principal Antzokian, Gabonetarako antolatutako egitarauaren barruan, Aukeran Dantza Konpainiaren Maurizia obra ikusteko aukera duzue ostiralean, abenduak 15, 20:30ean. Maurizia Aldeiturriaga Euskal Herriak eman duen emakume eredugarria da. Lehen emakume panderojole den aldetik, plazarik plaza bere panderoa hartu eta bere ahots eta izaera boteretsua lau haizeetara zabaldu zuen emakume sendoa. Emakume handi, sendo, eta eredugarri abiapuntu hartuta, emakumeak bere baitan dituen alderdi ezberdinak taularatzea bilatuko da; Alderdei indartsua, ahula, aurpegirik gogorrena eta aurpegirik xamurrena, alderik argiena eta alderik ilunena, irudi astun eta primarioa eta irudi arin eta sofistikatua. Beti ere panderoa izango da gidaria, emakume hau eta gainerako emakume guztiak, nolabait, apurtxo bat gehiago eta hobeto ezagutzeko.

 

DONIBANE LOHIZUNE: Mami Lebrun

Mami Lebrun Xake produkzioen antzezlana ikusgai izango duzue ostiralean, hilak 15, 20:30ean. Egoitz eta Miren amona Kontxa hil berriaren omenaldia prestatzen ari dira. Amonaren etxeko ganbaran aurkitutako eguneroko batzuetan oinarrituko dira, Kontxak gaztetan Pariseko Cabaret batean bizitakoak kontatzeko. Horixe izango da omenaldiaren ardatza. Hala ere, Mireni kontatu ez dion sekretu bat dauka Egoitzek…

 

LEIOA: Soka

Hilak 15, ostirala, zita duzu Leioako kultur aretoan, 20:30ean. Tanttaka Teatroak Soka antzezlana eskainiko du: Soinketako irakasle batek 11 urteko mutiko baten gorpua aurkitzen du, gimnasioko sokatik urkatuta. Gertatutakoaren erruduna balitz bezala, bere inguruak baztertuta, Igorrek errua eta erantzukizunaren arteko mugak marrazten diren bilaketa bati ekingo dio.

 

ANDOAIN: Solano & Company

Eskusoinuaren magia gure belarrietan sartu eta bizitzari irribarre bat eskaini zioten trikitilari guztiei omenaldian festa ez da faltako Andoainen. Ostiralean, hilak 15, dantza, irudiak, esketxak, DJen energia eta musika zuzenean, edozein oholtza plaza bihurtuko dute herrian. 21:00etan hasita, hurbildu Bastero kulturgunera, eta bertan topatuko dituzu Xabi Solano, Arkaitz Miner, Kris Solano, Zigor Lampre”DZ”, Txus Aranburu, Haritz Beristain, Mikel Laskurain, Ana Elordi, Jon Maya eta Nerea Vesga. Ondo pasatzeko prest?

 

DONOSTIA: Martin Zalakain

Harkaitz Canok idatzi eta Juan Antonio Urbeltz eta Ander Lipusek zuzentzen dute antzerkia eta dantza uztartzen dituen lan hau. Martin Zalakain Urbia izeneko herri asmatu bateko gazte euskaldun bat da. Mutiko bihurria da, eta ama galdu ondoren Migel Tellagorri ostalari zaharrak heziko du. Martinek gorroto du Carlos Ohando, herriko jauntxoa, bere arreba Iñasiz maitemindua dagoena. Iñasi Carlosen eskuetan erori ez dadin, Martinek bere adiskide Bautista Urbiderekin ezkonarazten du. Ezkonberriak Iparraldera aldatzen dira, eta hortik aurrera Bautistak eta Martinek zernahi abentura biziko dituzte. Obra ikusgai izango duzue larunbatean, hilak 16, Victoria Eugenia antzokian, 19:30ean.

 

BILBO: Bazter Fest

Bazter Fest egingo dute larunbatean, abenduaren 16an, Bilborock aretoan. Programak helburu bikoitza du: Ibaiondoko barrutian dauden kultur eta gizarte arloko ekimenak ezagutaraztea eta bultzatzea, alde batetik, eta emakumeek hip hopean egiten duten lana eta haien presentzia eta ikusgaitasuna sustatzea, bestetik. 19:00etan hasiko da, Hibernando Estudios-ek eta MarifxAria-ek aldi berean egingo dituzten bi Stencil tailerrekin. Hibernando Estudios sormena lantzen duen eta besteak beste grafitien eta hiri-artearen arloan duen esperientzia erakusten duen taldea da. MarifxArias ilustratzailea eta diziplina ugariko artista da, baita Eskina Femeninaren logoaren diseinatzailea ere. Eguneko bigarren ekitaldia 20:00etan hasiko da: raparen estetikari buruz hausnartzeko mahai-ingurua. Esterotipoei, klixeei eta erreferenteei buruz eztabaidatuko da, besteak beste. Programazioak hip hopeko 5 artistarik esanguratsuenen emanaldiarekin jarraituko du. Natsu Monk-ek (Irun) emango dio hasiera, eta jarraian honako hauek izango ditugu: La Ziega (Galizia), bere izaera irlatar, freskotasun eta positibismoarekin; Ms Maiko, zeinak “Estoy de vuelta” azken bideoa aurkeztuko baitu; Starr (Madril) eta Zeidah (Bartzelona). Amaitzeko, 01:00etik aurrera, Txankleta DJak emakumezko MC-en itzuli bat gidatuko ditu. Emanaldi horretan, besteak beste, La Basu eta Aneguria artistek parte hartuko dute.