Ze plan astebururako?
Larunbat honetan ondo pasatzeko ordu bat gehiago duzu; zein da zure plana?
DONOSTIA: !!! (Chk Chk Chk) + Anai Arrebak + Nerabe
Astebururako pilak kargatuko dituzu ostegun honetan, hilak 26, Intxaurrondoko Kultur Etxean eskainiko den kontzertuarekin. Hiru talde ariko dira bertan; !!! (Chk Chk Chk), Anai Arrebak eta Nerabe. Ez dago !!! (Chk Chk Chk) taldearen zuzenekoak deskribatzen dituen hitz aproposagorik: bakanal erritmikoa eta hedonismoaren zerbitzura egindako gehiegikeria hutsa. Horiek dira, izan ere, Nic Offerrek gidatzen duen taldearen konstanteak. Aukera baduzu, ez galdu; aste guztiko estresak gainetik astinduko dituzu! Informazio gehiagorako, jo hona.
BEASAIN: Jazpana Fest!
Asteburu honetan sekulako plana duzu Beasainen! Karteltzar ederra prestatu du aurten Jazpana Fest-ek, eta ostiral eta larunbatean, hilak 27-28, honako taldeen zuzenekoaz disfrutatzeko aukera duzu: Atom Rhumba, Cala Vento, El Desvän del macho, Luma, Perlak, Rufus T. Firefly, The Soulbreaker Company eta Kenta taldeak, eta baita Pho-Bo, Biznaga, Petti & etxeko uzta, Nuria Graham, Niña Coyote eta Chico Tornado, Unclose, Aurora & The Betrayers eta Chelis ere. Honena, doan dela! Gehiago jakin nahi? Jo Jazpana webgunera!
BILBO: Bime jaialdia
Bai, asteburua musika planez gainezka dator, eta Bilbotik gertu ibiltzeko asmoz bazabiltza, ezin duzu BECen egingo dne BIME jaialdia galdu! Ostiral eta larunbatean, hilak 27-28, honako taldeak elkartuko dira Barakaldon: Royal Blood, Franz Ferdinand, The Prodigy, Metronomy, Orbital, Vitalic, Delorean, Anari, Rural Zombies, El_Txef_A... Konbentzitu zaitugu? Bisitatu BIME webgunea.
LEKEITIO: Kameratoia
Aurtengo Kameratoian 13 taldek parte hartu dute beren filmekin; Yogurinha Borova euskal musikari transgresoreak eta Mikel Zumeta zine kritikariak izango dira lehiaketaren epaileak, Lekeitioko Ikusgarri aretoan egingo duten saioan. Antolatzaileek deialdi irekia egin dute, eta bertaratzen direnek film onena bozkatzeko aukera izango dute larunbatean, hilak 28, 12:30ean. Adi, 2.600 euro daude eta jokoan!
DONOSTIA: Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea
Udazkenero, Antzoki Zaharra eta bere inguruak konkistatzen dituzte fantasiazko eta beldurrezko zinemazaleek. Larunbat honetan hasi eta datorren aste osoan zehar, aurten ekoitzitako generoko film onenak, erakusketak eta bestelako jarduerak antolatu ditu Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak; beldurrez ikaratuta edota barre algaraka lehertzeko prest bazaude, bota begiratu bat egitarauari webgunean!
GASTEIZ: Mintzalaguna
Orain hamar urte abian jarri zuen Gasteizko Mintzalaguna proiektua. Horregatik, 10. urteurrena ospatzeko, urriaren 28an, larunbata, MINTZA-BAZKARIA antolatu dute. Egun bat elkarrekin euskaraz bizitzeko prest? Hau da menua!
MENUA:
Piperrak entsalada errusiarrez beteak, zurtoin beteak onddo saltsan, etxeko frijituak
Oilasko iztertxoak saltsan
Goxua edo sorbetea
Ardoa, kafea eta kopa
Prezioa: 20 euro
*Izena-emateko: mezu honi erantzun, 945222153 telefonora deitu edo 688819118 telefonora whatsapp-a bidali.
GALDAKAO: Musika Bizian jaialdia
Galdakao soinu bitxiz beteko da asteburuan, hilak 27 eta 28; Musika Bizian Jaialdiaren (Estaturik Gabeko Herrialdeen Jaialdiaren) 4. edizioa egingo dute. Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak antolatu duen jaialdiak bi kontzertu izango ditu ostiralean, eta beste hiru larunbatean. Kontzertuak 21:30etik aurrera izango dira, Iturrondo plazan instalatuko duten 750 metro karratuko karpa handian. Lehenengo aldiz, jaialdiak Ameriketatik datorren talde bat jasoko du kartelean; Yves Lambert Trio Quebec-etik etorriko da, eta Galeseko Calan taldearekin, Sardiniako Fantafok bandarekin eta Euskal Herriko ordezkari garrantzitsu birekin, Huntza eta Hesian taldeekin hain zuzen, joko dute. Guzti hau doakoa da, beraz, gozatu!
TOLOSA: Libe
Ilargia erori da disko berria kaleratu du Libe taldeak, eta dagoeneko hasi dira zuzenekoak eskaintzen; ostiralean Tolosako Bonberenean izango dira, 22:30ean. 8 euroren truke, talde hau deskubritzeko aukera duzu!