Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Euritan dantzan ibiltzeko prest? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-1571301596.81/@@download/image/zeplan_home.jpg
2019/10/17

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Euritan dantzan ibiltzeko prest?
Ze plan astebururako?

GETXO: Getxokomik

Getxoko Komiki Azokaren 18. ekitaldia ospatuko du aurten, bineten munduaren zaleentzako derrigorrezko topaleku dena, ez bakarrik Euskal Herrian, baita kanpoan ere. Urriaren 18tik 20ra liburu-denda, argitaletxe, merchandising-denda eta fanzineen salmenta-guneak kokatuko dira Areetako Geltokia plazan eta bertaratzen direnek azken nobedadeak eskuratu eta sailak osatu ahal izango dituzte, baita komiki zaharrak, bildumagile-produktuak eta era guztietako merchandising-produktuak eskuratu ere.

IRUÑEA: Antzerki Aroa

Antzerki Aroa 2019 zikloaren barruan udazken honetan, urriaren 17tik abenduaren 11ra bitarte, sei emanaldi izango dira. Asteburu honetan, hauxe da ikusgai izango duzuen emanaldia:

Urriak 17, osteguna. 20:00. Nafarroako Antzerki Eskola

  • BABESLEKU ARROTZAK ETA ANIMALIA BAKARTIEN HOTSAK  (Estitxu Zaldua Domingo, Juanjo Herrero Mansilla)

BILBO: Eremuak, jardunaldiak

Ibilbide nabarmeneko gonbidatuak bilduko dira eremuak 2019 jardunaldietan, nazioartekoak zein bertakoak (alfabetikoki): Ana Laura Aláez, Bik Van der Pol, Fernando García-Dory, Hidrogenesse, Latitudes (Max Andrews y Mariana Cánepa Luna), Yael Messer, Jon Otamendi, Sergio Prego, María Ptqk, Alfredo Puente (Fundación Cerezales Antonino y Cinia), Borbála Soós, Julia Spínola, Natalia Valencia Arango, Idoia Zabaleta (Azala).

EUSKAL HERRIA: Zinetika

Nazioarteko topaketa hau urriaren 14tik 20ra izango da Iruñean, Donostian eta Bilbon, zinea, masterclassak eta performanceak jasotzen dituen egitarauarekin. Begirada zinematografiko bat oinarri hartuta gorputza eta teknologiaren inguruko ikerketa sustatzen da proiekzio, lantegi, masterclass eta performanceen baliatuz. Zinetikak sortzaileak eta nazioarteko erakundeen arteko harremanak laguntzen ditu, kultura arteko trukeak aberastu asmoz.

PASAIA: Umorezko Antzerki Jardunaldiak

Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldiek 38 urte beteko dituzte aurten, hori da sasoia!

Urriaren 18tik aurrera Pasaiako plaza umorez betetzeko erronka dute:

18an bertan, ostiralean, iazko Leioako Umore Azokan saritua izan zen KALE GORRIAN kale antzerkiarekin hasiera emango diete jardunaldiei San Pedron.

19an, larunbata, Antxoko Hamaika Buelta taldekoek KOMUNEKO ZULOTIK antzezlana aurkeztuko dute Kultur Etxean.

20an Galiziatik etorriko dira A Panadariako lagunak, iaz estatu mailan sari gehien jaso dituenELISA y MARCELA antzezlana gozatzeko aukera izango dugu Donibaneko Kulturgunean.

ANDOAIN: 'Erritu'

Kukai dantza taldearen Erritu bizi-bidaia bat da, bizitzako etapak zeharkatzen baititu pasabideko erritu bakarkako eta kolektiboen bidez, naturarekin eta komunitatearekin loturik. Etapa horiek jaiotzatik kaoseraino doaz, bakardadearen mortuan barrena, harik eta topaketara, maitasunera eta, azkenik, heriotzara iritsi arte. Ostiralean, hilak 18, Bastero kulturgunean ikusteko aukera duzue, 21:30ean.

DONOSTIA: 'Aske!'

Aniztasun sexualaren trataera gai nagusitzat hartuta, Jaso Ikastolak endredo komedia bat proposatzen du. Istorioak, pertsonaiek eta haien inguruak bizi duten bidai psikologikoan zehar eramango gaitu. Noreberaren identitate eta onarpen prozesuaren bidaian, hain zuzen ere.

Onarpen eta aniztasun sexualaren mezua zabaltzeko asmoarekin, JUKEBOX formatuan sortutako musikal honek, gazte desberdinen istorioa kontatzen digu. Haien beldurrei aurre egitea izango da haien erronka nagusia. Baina, batez ere, haien ingurukoek bizi duten itsutasuna argitzea, itsutasun hau sistema patriarkalaren ondarea den legez, ez baitira gazte hauek bizi dituzten barne borrokak onartzeko gai. Larunbatean izango da emanaldia, hilak 19, Kursaalen, 18:00etan.