Ze plan astebururako?

Guztietan zein aukeratu erabakitzeak lana emango dizu!

DONOSTIA: Argiaren mendeurren festa

Hispanitatearen Egunean bertan, deskolonizatzeko helburuarekin ospatuko du Argia aldizkariak mendeurreneko festa, larunbatean, Donostian. Egun osoko jaia izango da; hasteko, 11:00etan, haurrentzako jolas bereziak egingo dituzte Urgullen —Trinitate plazatik abiatuko dira—. Plaza beretik, 12:00etan, ibilbide historiko bat hasiko dute, Urko Apaolaza historialariaren azalpenekin eta Beñat Gaztelumendi eta Miren Artetxe bertsolariekin. 13:00etan, sokadantza egingo dute. Eta Trinitate plazan bertan herri bazkaria egingo dute; proposatu dute bakoitzak berea eramatea, baina mahaiak jarriko dituzte eta sagardo barrika bat egongo da.

Arratsaldean beste hainbeste ekitaldi egongo dira: 16:00etan, Pobresiakemanaldia; 17:00etan, Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoen ikuskizuna; 18:00etan, NAN «arrotzen» jaurtiketa txapelketa; 19:00etan, kalejira eta dantzak; eta 20:30etik aurrera, lau talderen kontzertuak: Amaren Alabak, Mursego, Balerdi Balerdi eta Niña Coyote eta Chico Tornado. Ostiralean, berotzen hasteko, Napardeath filma proiektatuko dute Trinitate plazan, 21:00etan.

BILBO: Jokoteknia

Azkue Fundazioak eta Game Erauntsia kolektiboak Jokoteknia Euskarazko Bideojokoen II. Jardunaldia egingo dute, urriaren 12an, Bilboko Azkuna Zentroan, iazko lehen edizioak izandako harrera onaren ondotik. Goiz oso bateko jardunaldia izango da, tartean atsedenaldi batekin. 30 minutuko 6 hitzaldi eta bertako ikasleekin osatutako mahai inguru bat. Animatu!

IRUN: Kaskezur 

‘Ihesi doaz animaliak’ lan berriarekin helduko da Kaskezur talde nafarra Lakaxitara, urriaren 10ean. Aurreko diskokoak baino doinu ilun eta sakonagoetan barneratzeaz gain, izpi argitsu eta melodia bizigarriei eutsi die taldeak, gaur arte argitaratu dituzten lanetatik landuena eta garbiena erdietsiz. The Cure edota Sonic Youth taldeekin alderatu izan dituzte, besteak beste, eta egun, bere unerik egonkorrena bizitzen ari da Kaskezur, entzuleen eta kritikaren babesa jaso ondoren. Ez galdu!

 

LUHUSO: 'Zaldi Urdina'

Ezin duzu galdu Artedramaren ekoizpen berria; Zaldi Urdina. Harri Xurin eskainiko dute, hilaren 11n, 20:30ean.

Aingeru, 17 urteko mutil gaztea, desagertu egin da, tekno jaialdi batean gazte bat bihotzekoak jota hil ondoren. Zaldi Urdina deitzen den droga berri batek eragin dio heriotza gazteari. Polizia Aingeruren bila dabil, trapitxeroa bera delakoan.
Amets, Aingeruren 22 urteko arreba errebeldea da, gaztetxe eta bizimodu osasuntsu zalea. Ikerketa bat hasiko du, Karmen amona eta Simon udaltzain traketsarekin batera.

Aingeru poliziek baino lehenago aurkitu behar dute, eta abokatu on batekin joan epaitegira. Astebeteren barruan, 18 urte bete baino lehen. Atzera kontaketa bat da.

Ikerketa amateurraren bidean gurutzatuko dituzte gazteriaren ondoezak eta ametsak, trafikanteen eta interes ekonomikoen boterea, indar polizialen konplizitatea eta politika baten aztarna.

BARAKALDO: Belako + Izaro + Rural Zombies

Aurtengo EiTB Jaia urriaren 12an egingo da, Barakaldoko BECen. EiTB taldeak urtero antolatzen duen ekimena da hau: 14 orduko festa, euskaraz. Aurten, gainera, izaera sozial berezia izango du, EiTB Maratoiarekin bat egingo baitu jaiak. Hala, egun osoan zehar izango diren jardueretan bildutako dirua haur minbizia ikertzera bideratuko da. Urtero bezala, programazio eskaintza zabala izango du EiTB Jaiak, publiko guztientzat: haur eta familiak, nerabeak, gazteak eta helduak.

Imagin Gaztea Kontzertuarekin bukatuko da aurtengo EiTB Jaia BECen, eta hiru talde izango dira CUBEC aretoko taula gainean: Rural Zombies, Izaro eta Belako. Gaztea irratiak antolatutako kontzertuak dira, imaginBank-en babesarekin. Sarreren prezioa 12 eurokoa izango da eta sarrerarekin, gainera, ekarpena egingo zaio 2019ko EiTB Maratoiari, sarrera bakoitzeko 3 euro maratoiarentzat izango baitira. Haur minbizia da aurtengo maratoiaren ardatza. 

Sarrerak salgai daude EiTB Jaiaren webgunean.