Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Proposamen itzelak ditugu zuretzat! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-1563437954.72/@@download/image/zeplan_home.jpg
2019/07/18
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Proposamen itzelak ditugu zuretzat!
Ze plan astebururako?

GASTEIZ: Jazzaldia

Garai berri bat hasten da aurtengo 43. edizioarekin Vitoria-Gasteizko Jazz Jaialdian. Jaialdiaren buruan talde gaztea baina esperientzia luzekoa jarri da, gaur egungo jazz hoberena eskaintzeko helburuarekin. Gregory Porter-ek, XXI. mendeko crooner-delakoa, bi Grammy sariekin, perfekzioa ia lortzen duen interpretazioaren jabea eta ahots batekin Gasteizen lehen aldiz entzuteko aukera egongo dena edo Regina Carter biolin-jole birtuosoak, jazz munduan uzten ari dituzten urrats nabarmenak erakutsiko dituzte. Izarrez betetako eta kimika atsegingarriarekin datorren super taldeak egingo duen bezala, Danilo Pérez, Avishai Cohen, Larry Grenadier, Chris Potter eta Jonathan Blake osaturik. Egitaraua osorik ezagutu nahi?

GETXO: NAZIOARTEKO BLUES JAIALDIA

Getxo&Bluesaren 31. edizioa egingo da uztailaren18tik 21era.

Ordainketa-kontzertuak Eric Bibbek irekiko ditu, blues akustikoaren gitarra-jotzaile nabarmenetarikoak, soinu propioa garatu duenak, gospel, country eta Karibeko eta Afrikako musiken eraginekin.

Bigarren egunean, Paul Lamb & The King Snakes izango ditugu, Britaniako blues bandarik onenentzat jotzen dena. Edozein estilo jotzeko gai dira: Rhythm&Blues-etik hasi eta Texasko blues elektrikoraino, Louisiana, Delta eta Mendebaldeko Kostako erritmoetatik igaroaz.

Trudy Lynn (Houston, 1947) bokalistak itxiko du jaialdia. Eskarmentu handiko artista honek hainbat soinura egokitzeko gaitasuna du: soula, mainstream soinuak, blues klasikoak... Gozatu!

LEKEITIO: KALEKA 2019 - LEKEITIOKO NAZIOARTEKO KALE ANTZERKI JAIALDIA

Gaur hasiko da Kaleka, Lekeitioko 30. Nazioarteko Kale Arteen Jaialdia, eta, igandera bitarte, Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat konpainiak 25 ikuskizun emango dituzte. Taldeek emanaldi bereziak prestatu dituzte 30. urtemugarako. Besteak beste, Sail Ofizialean, zortzi konpainia ariko dira lehian. Horietatik hiru dira Euskal Herrikoak. Lokke euskal konpainiak, kasurako, The Big Game ikuskizuna emango du bihar. Olatz de Andres konpainiako koreografoak ikuskizunaren bertsio berritua prestatu du, beren-beregi, Kalekaren 30. urtemugarako: dantzaren bidez, «xake partida bizidun bat» irudikatuko dute 32 sortzailek, eta Lea Artibai eskualdeko dantzariek ere parte hartuko dute emanaldiaren bukaeran. Lekittoko Deabruak talde piroteknikoak ere ikuskizun berezia egingo du larunbatean; Kataluniako bost talde bilduko dituzte, eta berrehun lagunez osatutako talde batekin azalduko dira emanaldian.

GASTEIZ: Zineleku

Uztailaren 26ra bitarte, Zineleku ekimena egingo da Gasteizen. Programak hitzaldiak, proiekzioak, performanceak, trebakuntza ikastaroak, ikus-entzunezkoak eta bestelako diziplinak uztartuko ditu. 18 eta 29 urte bitarteko gazte talde batek diziplinarteko formazio bat jasoko du, arte ezberdinen arloetako izen handiko profesionalen eskutik. Programan parte hartuko duten gazteak Gasteizko Alde Zaharreko Santa Maria aterpetxean biziko dira elkarrekin. Ez galdu!

MARKINA-XEMEIN: Jazzaldia

Uztailaren 18, 19 eta 20an ospatuko da, hirugarren urtez jarraian, Markina-Xemeingo Jazz jaialdia.

Aurreko urte bietako harrera ezin hobeta ikusita, aurten ere ilusio eta mimo handiz prestatu dugu jaialdia. 3 egunetan, 3 talde izango ditugu. Jazz-aren baitako 3 estilo oso desberdin.

Ostegunekoa kalez kale izango da eta beste biak, ostiralekoa eta larunbatekoa Uhagon kulturguneko terrazan izango dira. Guztiak, doan dira. 

Markina-Xemeingo Jazzaldia 2019: egitaraua.pdf

SARA: Mice + Petti

Keixeta margolariaren erakusketaren inaugurazioa egingo dute larunbatean, hilak 20, 12:00etan, Larungo Kaiola kultur espazioan. Erakusketa animatzeko, zuzenekoa eskainiko dute Mice-k eta Petti-k; gozatu!

ZARAUTZ: Adarretatik jaialdia

Asteburua Zarautzen primeran pasatzeko prest! Adi prestatu duten egitarau itzelari!

Honako artista hauek arituko dira aurtengo edizioan:

  • No Land Trio
  • Ruper Ordorika
  • Sociedade Recreativa
  • DJ Maga BO
  • Joseba Irazoki eta Lagunak
  • Kumbia Boruka
  • SR Lobezno,
  • Antonio Lizana Trio