Ze plan astebururako?
Azkenik, uda usaintzen hasteko unea iritsi da!
DONOSTIA: Olatu Talka
Maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean eta 2an izango da Olatu Talka jaialdia.
10. urteurrena izanda, jaialdiak osatutako ibilbidea azpimarratu nahi izan da, eta horrek Alderdi Ederren jarriko den gunean izango du isla. #HiriaEgin leloari eutsiko dio Olatu Talkak, hamar jaialdi hiria egiten, hiritarrekin elkarlanean, hiria eraldatzen eta kultura, artea, musika... espazio publikora ateratzen.
Arte luminiko jaialdia Memoriaren parkean, 44 ilustratzaileren erakusketa Egiako pasadizoan, Reggae musika Ondarretan, kaleko artea Loiolan eta familientzako gunea Ametzagaina parkean izango dira programazioan nabarmendutako ekintzateko batzuk.
BILBO: Caostica
Infernuko erraietatik datorkigu 17. Nazioarteko bideoklip eta laburmetraien Caostica jaialdia Bilbópolis Berria Deabruaren izenean menderatzeko asmoz ekainaren 1etik 10ra.
Unibertso eta dimentsio paralelo orotatik hainbat bideo-salmo etorri zaizkigu, haietatik 55aukeratu ditugu gure jarraitzaile sutsuen ipurmasailak jipoitzeko.
Epaimahaikide izendatutako apaizburuak honako hauek izango dira: Edna Campos, María Ptqk eta Aitor Gutiérrez.
ZIBURU: EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Ekainaren 1ean, larunbata, goizeko 11:00etan zabalduko da Ziburuko plaza hartuko duen azoka. Euskal Herri osoko argitaletxe hauek jarriko dituzte euskarazko liburu, komiki, disko eta materialak salgai: Alberdania, Agorila, ARGIA, Begiraleak, Belarri, Elkar, Erein, Erroa, Harriet, Hatsa, Ikas, Maiatz, Nabarralde, Pamiela, Susa, Xabiroi eta Zortziko. 13:00etatik 14:30etara itxi egingo da bazkaltzeko, eta 14:30etatik 20:00etara egongo da berriz ere zabalik arratsaldean. Informazio gehiago Argiaren webgunean.
URNIETA: Urnietako XXVII. Argazki Digital Rallya
Urnietako Argazki Digital Rallyaren XXVII. edizioa ospatuko da ekainaren 1ean. Parte hartzeko interesa dutenek egunean bertan eman beharko dute izena Lekaio kultur etxean 09:30 – 10:00 bitartean. Parte hartzaileek 5 euro ordaindu beharko dituzte, 14 urte azpikoek izan ezik. Informazio guztia hemen!
EZPELETA: JOKOZ KANPO 2019
2019ko ekainaren 1ean, Pinpulka elkarteak "Jokoz Kanpo" festibalaren 10. edizioa antolatzen du Ezpeletan. Aurten ere, karrika arteen inguruko hainbat ikusgarri preziatzeko aukera izanen da. Euskal kultur erakundea partaide da.
Aurten ikusten ahalko diren artista eta konpainien artean, Docteur Troll, Burdin & Gilles Rhode, So.K, Pastors of Muppets, Suak, La Fabrique Affamée, Mecanica Théâtre, Jour de Fête Cie, Ring Parade...
BILBO: Act Festival
Proposamen arriskutsuez gainezka dator aurten ACT Festival 2019 - Eszena Berritzaileen Nazioarteko Jaialdia. Maiatzaren 29tik ekainaren 1era egingo da Bilbon eta Barakaldon.
Dantzaz, performanceaz, zirkuaz eta antzerkiaz gozatzeko lau egun, zuzeneko musika eta, mamian, proposamen eszeniko garaikideak eta berritzaileak arriskuaren inguruan.
22 lan ekarriko dituzte betiko guneetara, Kafe Antzokia, Guggenheim Bilbao Museoa eta Barakaldo Antzokia, eta baitaberri batera ere: BeurkokoZirkodomoa zirku karpara.