Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Adi datorrenari! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-1557387831.95/@@download/image/zeplan_home.jpg
2019/05/09
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Adi datorrenari!
Ze plan astebururako?

SENPERE: Herri Urrats

36. edizioa ospatuko du Herri Urratsek; zorionak! Igande honetan ospatuko dute, hilak 12, Senperen, “LK” lelopean. Aurten, festa eta dirua biltzeko asmoaz gain, Seaska Ikastolen Federazioak Manex Erdozainzi Etxart Kolegioari lagundu nahi dio.

36. edizio honetan Ipar Euskal Herriko Ikastolen festak egitarau luzea eta ugaria eskainiko du datorren igandean Senpereko aintziran, adin guztietarako pentsatua. Herri Urrats zazpi gunetan egongo da bananduta. Hain zuzen ere, Araba, Baxe Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa izango dira zonaldeak, Euskal Herriko zazpi lurraldeak bezala.

Gainera, gune guztietan jokoak, tailerrak, janari-postuak eta zuzeneko emanaldiak egongo dira, eta horien artean, En Tol Sarmiento eta McOnak musika taldeek joko dute. Bestalde, Baxe Nafarroa zonaldean “Erronka” lehiaketa prestatu dute, bi txanda egongo dira soilik, eta bertan zazpi lurraldetako euskal ikasleek parte ahal izango dute. Ez galdu!

ZARAUTZ: Literaturia

Maiatzaren 10etik 12ra, Literaturia jaialdiaren 6. edizioa hartuko du Zarautzek. Liburu azoka, liburu aurkezpenak eta askotariko emanaldiak izango dira egitarauan. Maskarak gaitzat hartuta eta ‘Zu naiz, ni zara’ lelopean ospatuko dela aurtengo edizioa. Hala, maiatzaren 10etik hasita, egitarau zabala antolatu dute. Jenis Joplin eleberrian oinarritutako irakurraldiarekin hasiko da jaialdia; Uxue Alberdik egingo du Modelon, Iñigo Astizek jaialdirako prestatu duen manifestua irakurriko da eta, ostean, Andoni Egañak zuzendutako Bertso-maskarada emanaldia eskainiko dute.

DONOSTIA: Iceberg

Iceberg konkista bati buruzko bidaia da. Ikustezina den horren bila abiatzen den bidaia epikoa, zeinetan esploratutako eta ibilitako bidearen isladabesterik ez dagoen. Helmuga lausoa izan arren eta noraezean, desorekatutaibili arren, bidean aurreraegin beharra dago. Iceberg lurralde desberdinak zeharkatzen dituen eremu geografikoa da, non barne ekaitzak, lurralde izoztuak eta sakoneko eremuak zeharkatzen diren, non sumendiak ere lehertzen diren. 

Myriam Pérez Cazabón koreografoaren eta Nagore Legarreta argazkilariaren arteko elkarlanerako gogotik eta elkarrizketatik abiatzen da Iceberg. Paisaiak gorpuztuz eta gorputzezko paisaiak eraikiz, bizipenez beteriko parajeen eta lurraldeen irudietatik koreografiak sortzeko helburuarekin, Iceberg bi disziplina artistiko hauen arteko hartu-emanerako gunea da, non, argazkilaritzaren iraunkortasuna osagarri bilakatzen den dantzaren iragankortasunerako.

GASTEIZ: Poetak maiatzean

Gasteizko Nazioarteko VII. Poesia Jaialdia 2019ko maiatzaren 8tik 31ra egingo da. Maiatzean zehar, mintegiak, errezitaldiak, kontzertuak, ikusizko poesiaren erakustaldiak, irakurketa herrikoiak... antolatzen dira.

Parte hartzen dute tokiko eta gonbidatuko poetek, taldeek, elkarteek, poesiaren inguruko tailerrek, kantautoreek, musika-taldeek, aktoreek, musikariek edo dantzariek, besteak beste.

Helburu nagusiena da poesia hedatzea hiri osoan zehar (hala nola eskolan, Unibertsitatean, liburutegietan, tabernetan, merkatal-guneetan, hiriko toki emblematikoetan...). Egitaratua osorik hemen!

IRUÑEA: Oteiza

Nafarroako Unibertsitatearen Museoan izango da Oteiza operaren estreinaldia. Juan José Eslavaren musika lan honek gipuzkoar artistaren pentsamendua sorberritzen du ekitaldi bakarreko monodrama formatuan. Konposizio honek izakiaren hasierako kemenari heltzen dio (nahia, beldur existentziala, bilaketa...), jokoaren bidez garatzen da eta Oteizaren lan esaguratsuenetako batzuekin loturiko esperientzia estetikoetara garamatza.

Opera honek lotura berriak aztertzen ditu hainbat alderdiren artean: gorputza, antzezpena, argia, eszenografia eta hotsa. Idazlan honetan ez dago mugarik elementu horien artean, baizik eta gauzatze berriak elkarri eragiteko moldeetan, zeinak Oteizak bere eskultura lana egituratu zuen gaietan mamitzen baitira: burdina, harria eta zura.

Oteiza obraren produkzioa: Nafarroako Ganbera Opera, Nafarroako Unibertsitatearen Museoa, Colectivo Artístico E7.2, Jorge Oteiza Museo Fundazioa, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.

PASAIA ANTXO: Antxoberfest

Artisau garagardoaz, janari oparoaz eta festa itzelaz gozatu nahi duzu? Asteburu honetan, pasa zaitez Pasai Antxotik, bertan egingo dute eta Antxoberfest! Egitaraua hemen!