Ze plan astebururako?
Aukeratu zure plana oporrak amaitu aurretik!
BASAURI: MAZ BASAURI 2019
Hemen da MAZ Basauriren zortzigarren edizioko programazioa, apirilaren 26 eta 27 eta maiatzaren 3 eta 4ko asteburuetan ospatuko dena eta, ohi bezala, kalean doakoak eta Social Antzokian, prezio merkeetan, kontzertuak uztartuko dituena. MAZ 2019ko izen nagusiak programazio berriaren estilo aberastasunaren isla dira. Iseo & Dodosound Social Antzokian The Mousehunters-ek lagunduta izango dira. Viva Suecia ere bertan izango da, Toundrarekin batera. Bere aldetik, Christina Rosenvingek Un hombre rubio lana aurkeztuko du MAZ Basaurin. Lau artista edo taldeoi ondoko proposamenak ere batuko zaizkie Triángulo de Amor Bizarro galiziarrak, Anari eta Mursego gipuzkoarrak eta Hakima Flissi bilbotarra.
Programazioa Rockein lehiaketaren 2018ko edizioko irabazleek osatuko dute: The Owl Project (sari nagusia), Haxotz (tokiko artistarik onena), Agian (euskarazko talderik onena) eta Voltium (publikoaren saria -Kimera izenpean irabazi zuten, orain izena aldatu dute, baina taldekide berberekin jarraitzen dute-).
AULESTI: ADEL 2019 - ARTEDRAMA EUSKAL LABORATEGIA TOPAKETAK
ArteDrama Euskal Laborategia (ADEL) arte eszenikoetan euskaraz aritzen direnen topagunea da; aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat urtero Aulestin zabaltzen den gunea.
Aurten, 2019ko apirilaren 22tik 27ra egingo dira topaketak. Agenda ikusteko egin klik!
GASTEIZ: "TETRAPACK 2019" ERAKUSKETA
Tetrapack erakusketak bere hamargarren urteurrena ospatzen du; hori dela eta, bere hastapenetara bueltatuko da, Ignacio Aldecoa Kultura Etxera, hortxe antolatu baitzen lehenengo erakusketa 2009. urtean.
Estibaliz Aguirre López de Munainek, Ester Fernández Amorínek, Oihane Gil Ciriónek eta Xabier Martínez Ortiz de Pinedok erakusketaren laukotea osatzen dute. Aurtengo edizioa Ibon Sáenz de Olazagoitiak tutoretzaeta komisariotzapean egingo da bai eta Zas Kultur elkartearen izenean ere.
BARAKALDO: Bob Dylan
Bob Dylanek bi kontzertu eskainiko ditu Euskal Herrian 2019ko apirilean. Emanaldiok Neverending Tour 1988an abiatu eta harrezkero gelditu ez den bira amaiezinari dagozkio.
Urtean, batez beste, 100 kontzertu ematen ditu Dylanek, eta kontzertuotan sarritan aldatzen du ikuspegia, maite dituen estilo guztiei begiratuta: blues zaharra, Chicagoko blues elektrikoa, folka, tex-mexa, murder ballad-ak, swinga…
ZUMAIA: ZUMAIAKO SAN TELMO JAIAK
Aurten apirilak 26-29 izango da lehen asteburua, eta errepetizioak maiatzean, 3-5 bitartean. Laster hemen egitarau osoa. Aurten ere ez dira faltako kontzertuak, danbor hotsak, olarru zopa usaina, erromeriak, haurrentzako jolas eta ekitaldiak, bertsoak, zaldi lasterketak, arrauna, pilota partidua, eta kaleko giroa. Hemen duzue egitaraua!
BERRIZ: 'Biz-hitza'
“Herria da gorputza, hizkuntza bihotza” Fernando Aire Xalbador Urepeleko artzainaren esana da, zehazki, haren Odolaren mintzoan jasoa eta Mikel Laboaren ahotsak zabaldua. Eta hizkuntza gorputza balitz? Nola azalduko lituzke gorputz adierazpenak hizkuntzaren bat-bateko jaiotza edo elearen etengabeko bilakaera? Ikuskizun honek munduko hizkuntza ororen historia unibertsala du abiapuntu, baina euskara batuaren istorio partikularra kontatu nahi du dantzaren bidez. Larunbatean, hilak 27, Aukeran Dantza Konpainia Berrizko Kultur Etxean izango da, 20:00etan.
DONOSTIA: JON URDAPILLETA + IÑIGO PASTORIZA
Txikiei eta ez hain txikiei zuzenduriko kontzertu pedagogiko honetan, Jon Urdapilleta (Ez galdu GAZTEZULOn egin genion elkarrizketa) piano-jotzaileak eta Iñigo Pastoriza irakasleak pianorako idatzitako musika modu arin eta entretenigarrian azalduko dute. Barrokoak egingo du hasiera Johann Sebastian Bach-en musikarekin, eta 1990ko hamarkadaraino iritsiko gara Gabriel Erkorekaren pieza batekin; tartean, Mozart, Beethoven, Schumann etabar izango ditugu. Larunbatean, hilak 27, 12:00etan, Kutxa Kultur plazan. Anima zaitez!
GUARDIA ETA DONOSTIA: Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra
Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra – EIJO osatzen duten musikari gazteei iritsi zaie talentua erakusteko unea. Joan zen martxoan egindako entseguen ondotik, eta Aste Santuko opor hauetan Bilbon egiten ari diren egonaldi eta kontzentrazioa burutu ostean, jazz orkestra gazteak datozen egunotan eskainiko ditu kontzertuak. Euskadiko musika eskola eta kontserbatorioetako ikasleek ostiral arratsaldez joko dute Guardiako (Arabako Errioxa) Plaza Nagusian, eta larunbat eguerdian berriz, Donostiako Udaletxeko Pleno Aretoan.