Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Asteburu honetan korrika egitea tokatuko zaizu, beraz, jantzi kirol-oinetakoak eta adi datozen planei! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-1554366382.12/@@download/image/zeplan_home.jpg
2019/04/04
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Asteburu honetan korrika egitea tokatuko zaizu, beraz, jantzi kirol-oinetakoak eta adi datozen planei!
Ze plan astebururako?

EUSKAL HERRIA: Klika Korrika

Euskararen aldeko lasterketak 17:00etan emango ditu lehen pausoak gaur, osteguna, Gasteiz jomuga duela. 2.560 kilometro egin ostean iritsiko da Arabako hiriburura, apirilaren 14an. Bidean, milaka eta milaka euskaldun eta euskaltzale izango ditu itxaroten Korrikak, pasatu ahala haren atzetik metro batzuk edo kilometro batzuk egiteko zain. Horietako bat izango zara? Adi! GAZTEZULOn Korrikaren argazki-bilduma osatuko dugu; lagunduko diguzu?

ARRASATE: ‘Bost Urban Show’

Dantzaren XV. Zirkuituaren barruan programaturiko koreografietako bat ikusteko aukera duzue igandean, hilak 7, Arrasateko Amaia Udal Antzokian, 18:00etan. Bertan izango dira Logela Multimedia eta The Ruggeds, Bost Urban Show emanaldia eskaintzeko. Animatu!

 

HAZPARNE: Berri Txarrak (SARRERAK AGORTUTA)

Dakizuenez, pasa den abenduaren 12an, ohar batean, Gorka Urbizu taldeko buruak, ezustean, “Berri Txarrakekin ziklo ahaztezin bat ixteko garaia” heldu zitzaiola iragarri zuen. Bertan, taldearen azken kontzerten berri eman zuen. Horietako bat Hazparnen izango da gaur, hilak 4, 20:00etan. 

IRURTZUN: 'Soka'

Soinketako irakasle batek 11 urteko mutiko baten gorpua aurkitzen du, gimnasioko sokatik urkatuta.

Gertatutakoaren erruduna balitz bezala, bere inguruak baztertuta, Igorrek errua eta erantzukizunaren arteko mugak marrazten diren bilaketa bati ekingo dio. Ez galdu Tattaka Teatroaren antzezlan hau ostiralean, hilak 5, kultur etxean, 20:30ean.

  • Egilea: Mikel Gurrea
  • Eszenografia eta zuzendaritza: Fernando Bernués
  • Interpretea: Iñaki Rikarte

OLAZTI: Xabi Bandini

Xabi Bandini, Kerobiaren abeslari ohia, Madrilera joan zen bizitzera orain urtebete, eta han bere 29 metro karratuko pisuan grabatu du bere bakarkako lehenego diskoa Begibakar. Oraingo honetan bere lana aurkeztera dator Olaztira. Ostiralean izango da , hilak 5, 22:30ean.

ZUMAIA: 'Moko zorrotza'

Juan eta Laura. Laura eta Juan. Bizitza ulertu eta aurrera egiteko bi modu ezberdin. Guztiz kontrajarriak. Eta halere, elkar maite dute, nola ez. Institutuan ikaskide izan ziren, eta gaur egun, 30 urtetako krisi amaigabean murgilduta, ustegabean egin dute topo. Gau batez, garai haietako gogorapen eta ametsak gaurkotuko dituzte… Izugarri gustatuko zaizu Txalo produkzioaken antzezlan hau. Aita Mari Antzokian ikusteko aukera duzu, ostiralean, hilak 5, 22:00etan.

FITXA TEKNIKOA:

  • Egilea: Carles Alberola
  • Zuzendaria: Mario Hernandez
  • Itzulpena: Martin Agirre
  • Aktoreak: Aitziber Garmendia, Jon Plazaola.

AIHERRA: 'Freedom for Aiherra'

Aiherrako Gazteria taldeak "Freedom For Aiherra" kontzertu eguna antolatzen du, apirilaren 6an, larunbata. Eguerditan bazkaria (17 euro), bazkaria eta kontzertu sartzea 29 eurotan proposatzen dira, eta kontzertua bakarrik, 12 eurotan. Des-Kontrol, Nogen, Trikizio, The Very Small Orchestra, Tokan2 La Polla, Foisis Jaunak... ez duzu galduko, ezta? 16:00etatik aurrera, dantzara!

BILBO: 'Basoa'

Loraldia 2019ren barruan eskainiko dute Basoa filma. Gurs, milaka pertsona (gudari errepublikarrak, judutarrak…) bildu eta pilatu zuen lekua. ehunka pertsona hil ziren lekua. Guregandik oso hurbil dagoen lekua, historian hain urrun ez dagoena. Gurs inspirazio iturria izango dugu gaur milaka pertsonek gerrak eta pobreziagatik pairaitu behar duten egoerari buruzko hausnarketa egiteko eta mezu poetiko bat zabaltzeko. Gurs iragana eta gaur eguna lotzen dituen zubia da. Kontzentrazio esparru horretako izugarrikerietan biztu zen sormena du abiapuntu Dantzazen koreografia berriak. 

Elkartasuna sarrera: 8 €. (sarrera oso osorik Alboan GKEri emango zaio). Bi pase eskainiko dituzte larunbatean La Casillan, hilak 6, 19:30 eta 20:30ean.

Artistak

  •  DANTZAZ
  •  IÑAKI SALVADOR
  •  JOSU MUGIKA

DONOSTIA: "ESTHER FERRER. 2, 3, 5, 7, 11, 13, 17, 19, 23..."

Tabakalerak erakusketa-areto berria zabalduko du Esther Ferrer artista donostiarrari (Donostia, 1937) eskainitako mostra zabal batekin. Laurence Rassel eta Mar Villaespesa komisario dituen erakusketa-proiektuak erakusketa-aretoa gune bizi bat bezala lantzea du helburu. Hori horrela, zenbaki lehenen inguruko lanetan eta Esther Ferrerek bere ibilbide oparoan zehar egin dituen ekintzetan eta horien aldaeratan oinarrituko da nagusiki erakusketa. Gainera, erakusketaren osagarri gisa, performance edo ekintzak eskainiko dira asteroko programazio batean, Ferrerrek berak gonbidatutako sortzaileen eskutik, eta berariazko bitartekaritza programa bat ere izango da. Apirilaren 5etik maiatzaren 26ra ikusgai!