Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Egin lekua zure agendan datozen plan bikainei! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-1550134760.55/@@download/image/564570276_65929f5968_z.jpg
2019/02/14
berria
Egin lekua zure agendan datozen plan bikainei!
Ze plan astebururako?

UZTARITZE: Hartzaro Festibala

Aurten ere, orotara 500 bat soinulari, antzerkilari, dantzari baino gehiagok parte hartuko dute Hartzaro Festibalaren 3. edizioa ospatzeko. Otsailaren 15etik martxoaren 5era, ez galdu Uztaritzeko Txistulariak, Gaita Luze, Erdizka taldea, Aukeran, Manez eta Kobreak, Zarena Zarelako, So-k, Izartxo, Üda Batez, Jarauta 69 edo Kli-K Txaranga-rekin, besteak beste.

 

Jarraian duzue egitaraua.

BILBO: 'Tomiris'

2019ko Lautan Hiru Antzerki Jaialdiaren barruan, ATX teatroak Tomiris antzezlana eskainiko du ostegunean, hilak 14, Bilboko 7 Katu gaztetxean, 21:00etan. Mendeku zilegigoaren gaineko bakarkako ikuskizuna da. Ardatz nagusitzat biolentzia matxista dagoelarik, errealitatea eta fikzioa uztartzen dituen istorioa. Gordin bezain sentsuala, erreal bezain fantastikoa, zorrotz bezain zolia.
GERNIKA: Berri Txarrak (SARRERAK AGORTUTA)

Asteburu honetan hasiko da Berri Txarrak taldea agurtzeko itzuli musikala. Lehen geltokia Gernikako Astra izango da, ostiralean, hilak 15. Sarrerak kaleratu eta ordu gutxitara agortu ziren; zu al zara zorioneko horietako bat?

IRUÑEA-DONOSTIA: "Zauria(k)": Aurkezpena, proiekzioa eta solasaldia

Zauria(k). Eromena. Gorputza. Feminismoak izeneko proiektua sortu dute Maier Irigoienek, Isabel Saez Perezek eta Iker Oiz Elgorriagak, ondoeza psikosoziala eta genero bizipenak uztartuz. Datozen bi asteetan aurkeztuko dute, Euskal Herriko hainbat hiriburutan. Bederatzi lagunen ikuspegi eta esperientziak bildu dituzte, horien bidez eromena eta sufrimendua lotzen dituen bidegurutzeari ikusgarritasuna emateko. Osasun mentalaren inguruko gogoeta abiarazi nahi dute, ikuspegi feminista batetik.

Otsailaren 14an estreinatuko dute lana, 19:30ean Iruñeko Katakrak liburu-dendan. Solasalditxo batek jarraituko du filmaren emanaldia. Ondoren, Donostiako Emakumeen Etxean izango dira hilaren 15ean, arratsaldeko 19:00etan. Bestetik, Gasteizeko Landatxo gizarte-etxean aurkeztuko dute filma otsailaren 22an, eta 19:00etan izango da hitzordua hemen ere. Azkenik, gaiaz aritzeko aukera izango da ere Bilbon, otsailaren 23an, 18:00etan, Bira kultur gunean.

BERRIZ: "7ak bat. Gaiztoetan gaiztoenak"

Nondik dator gizakiaren gaiztakeria? Berezkoa da? Ekidinezina da? Gure kulturako zazpi bekatu kapitalak eta orokorrean bekatuaren ideia hartu eta, Victor Frankensteinek egin zuen moduan, gizaki barri bati bizia emango diogu, groteskoa, basatia, gupidarik gabekoa... Komeria, satira eta sarkasmoaren hizkuntzaz, guztiok alfonbra azpian ezkutatu ohi dena, agerian geratuko da. Ez galdu ATX teatroaren emanaldi hau ikusteko aukera larunbatean, hilak 16, 20:00etan, Berrizko Kultur Etxean.

BAIONA: "Üda batez"

Oro har, ordu bat eta hamar minutuko dantza ikuskizuna, Zuberoako herri dantzak eta sorkuntzakoak bateratzen dituena, Zuberoako dantza ikastegi ezberdinetako 20 dantzari gaztek emana.

Zuberoako "Goizean goizik" abesti latzean oinarrituta —zeinek kontatzen duen goizean esposatu ondoren arratsalderako alarguna zen neskatxa baten tragedia—, Joana Etxart idazleak ipuin moduko bat asmatu egin du.

Historia honek miresgarria eta izadiz harago doana nahasten ditu, gorteetako literaturatik eta tragedia klasikotik zerbait hartuz. Hala, Albiana emazte gaztearen, Egon senarraren eta baztertuta geratutako Kadar maiteminduaren pena eta tormentuen barrualdeetara eramanak gaude, Mari jainko-anderearen urratsen atzetik. Jokoaren haria, berriz, Zamai izeneko hildakoen arima laguntzaile zuberotarrak darama, euskal arima galduen bideratzaile gisara.

Testua Fabio Lopez koreografoak (Illicite konpania, Baiona) taularatu egin du, maitasunaren eta bekaizkeriaren sentimenduak adierazteko eta nabaritzeko asmoarekin.

Fitxa

  • Konpainia: Kompany Beritza
  • Xiberoko dantzen egileak: Maguy Mirande, Joana Larrandaburu, Graxiana Castillon, Petti Etchegoyhen
  • Data: Larunbata, hilak 16, 20:330ean, Lauga gelan.