Ze plan astebururako?
Badakigu sofa eta mantarekin ametsetan zabiltzala, baina gure proposamenekin katiuskak jantzi eta etxetik aterako zaitugu!
DONOSTIA: Kaldereroak
Hartu mailua eta zartagina, asteburu honetan Hungariatik datoz eta kaldereroak! Inauteriak gertu daudela iragarriko dute, ez al da pozgarria?
BILBO: Emakume-on
Lehenbiziko aldiak bildutako arrakastaren ondoren, Bilbon izango dira, bigarren bider ilaran, “Emakume-On” jardunaldiak, emakume sortzaileek ikus-entzunezkoen eremuan betetzen duten zeregina agerira ekartzeko eta gogoeta egiteko. Bilborocken izango da, arratsaldeetan, urtarrilaren 30ean eta 31n. Mahai-inguruak, proiekzioak, umorezko bakarrizketak, musikaz lagundutako ipuinak, playback-lehiaketa eta networking-Dj musika-saio bat izango dira, besteak beste... Animatu!
SOPELA: Sopela Surf Film Festival
Surfaren zale amorratua zara baina eguraldi honekin uretara sartzeko gogoz gelditu zara? Zuretzat plan perfektua dugu asteburu honetan; Sopela Surf Film Festival! Surfaren inguruko film laburrei buruzko topaketa da, zuzendari eta surflarien parte hartzearekin! Gehiago jakin nahi baduzu, adi bideoari!
ANDOAIN: Ghero
3000. urtean gaude. Ospitale batean, azken euskalduna hiltzear dago. Berarekin batera, milaka urtez iraun duen hizkuntza txiki hori, euskara, desagertuko da. Azken agurra emateko ordua da.
Antzezlan zirraragarria, originala, dibertigarria, harrigarria eta estetikoki ausarta ikusteko aukera duzue ostiralean, otsailak 1, 21:30ean, Basteron.
Patxo Telleriak, dramaturgia; Jokin Oregik zuzendaritza. Mikel Martinez, Patxo Telleria, Olatz Ganboa, Iñaki Maruri, Ane Pikaza oholtza gainean. Ana Garayk eszenografia, Iñaki Salvadorrek musika.
TOLOSA: ERRITU
Kukai dantza konpainiaren azken proposamena ezagutzeko prest? Orduan ezin duzu galdu Erritu, Tolosako Leidorren, ostiral honetan, 20:30ean. Gure historian eta gure orainean txertatuta dauden antzinako errituak, non gizakiak gertutasuna eta elkartasuna bilatzen duen bere lagun hurkoekin. Dantzarien eta abeslarien artean sorturiko giza basoa oinarri hartuta, gure garaietara iritsi diren erritu tradizionalei buruzko gogoeta garaikidea egingo da.
- Ko-kreazioa: Jon Maya Sein & Sharon Fridman
- Interpreteak: Alain Maya, David Azurza, Eneko Gil, Ibon Huarte, Izar Aizpuru, Nerea Vesga Eta Urko Mitxelena
TUTERA: Janeten titia
Gogoratzen Janet Jackson-ek ikuskizun batetan bular bat erakutsi zuenekoa? Irudi horrek mundu osoa zeharkatu zuen, eskandalu itzela sortuaz eta epaitegietaraino helduz. Zerk eragiten du ekintza berberak hainbesteko garrantzia hartzea batzuetan, eta guztiz normala suertatzea bestetan?
Hain zuzen ere, horretaz mintzatuko da ERTZA-ren azken ikuskizuna. Larunbatean, otsailak 2, Tuterako Gaztanbiden aurkituko dituzu, 20:30ean.
IRUÑEA: Otello
Inoiz egon al zara operan? Ba adi, sekulako aukera duzu eta igande honetan asteburua borobiltzeko! Verdiren Otello operaren historiako izenburu handietako bat da, eta Gregory Kunde, Veneziako mairua hezurmamitu duen nazioarteko tenor handietako bat. Biez gozatzeko, hurbildu otsailak 3 Baluartera, 19:00etan; deskontu bereziak dituzte 30 urtetik beherakoentzat!