Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Etxean gelditzeko asmoz? Lau tanta besterik ez dira ari eta! Animatu! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-1548329263.56/@@download/image/cropped-sterling_sanders_-_dance_in_the_rain.png
2019/01/24
berria
Etxean gelditzeko asmoz? Lau tanta besterik ez dira ari eta! Animatu!
Ze plan astebururako?

BAIONA: Zizpa Gaztetxeak 3 urte!

Azkar esaten da! Baionako Zizpa gaztetxeak 3 urte beteko ditu, eta ospatzeko, sekulako festa antolatu dute larunbat honetan, hilak 26; jaia arratsaldean hasiko da, 16:00etan, Patxa Plazan.

Bertso saioa antolatu dute Patxi Iriart eta Maddi Sarasuarekin, trago batzuez lagundurik;  Ondoren, herri kirolak, Graf atelierra, gozo-eltzea eta Txakatuk txarangak animatutako poteoa egingo dute Sankara, Epaiska, Zamai, Café des Pyrénées eta Kalostrape tabernetatik. Amaitzeko, sekulako kontzertua egingo dute 23:00etan gaztetxean; bertan egongo dira Ufestuek, Governors eta Aldiz taldeek. Ezin duzu galdu!

DONOSTIA: "Joxean Artze. Txoria, txori": Bas(h)oan + Amorante + Akauzazte + Ibon RG

JOXEAN ARTZE, euskal kulturako erreferentzia nagusietako bat, bere poeta, konposatzaile eta txalapartari ibilbideetan; Mikel Laboak ezagutarazi zuen bere “Txoria txori” mitikoa izanik bere lanik ezagun eta enblematikoena. Artzek gainera, Ez Dok Amairuko sortzaileetako bat izateagatik, leku berezia du historian.

Guzti hori kontuan izanda, IZAR & STARek omenaldi sentitu bat egin nahi dio, Euskal Herririk abangoardiakoena eta pertsonalena ordezkatu zezaketen musikari garaikide handi batzuen eskutik. Horiek dira adibidez, BAS(H)OAN, tradizioa eta etorkizuna uztartzen dituen Joseba Irazoki eta Beñat eta Julen Achiaryren egitasmo ohiz kanpoko eta urratzailea, AKAUZAUZTEren rock aurreratu eta industriala, AMORANTEren eklektizismo folkaniztun kitzikagarria eta IBON RG heterodoxoa bere ibilbidearen hasieran, Eten, Mursego, Xabier Montoia eta mila istoriotan ibili eta gero. Zita, larunbatean, hilak 26, Donostiako Dabadaban, 19:00etan, eta sarrera 10 eurotan. Ziur ez duzula galduko!

GASTEIZ: Willis Drummond + Inoren ero ni

Gasteizko Jimmy Jazz aretoan doinu interesgarriz beteko da larunbatean, hilak 26; bertan izango dira Willis Drummond eta Inoren ero ni, zuzenean; kontzertua 20:30ean hasiko da. Ez galdu!

BASAURI: "7ak bat. Gaiztoetan gaiztoenak"

Nondik dator gizakiaren gaiztakeria? Berezkoa da? Ekidinezina da?

2018an 200 urte bete dituen Victor Frankenstein inspirazio moduan hartuta, gure kulturako zazpi bekatu kapitalak eta beste kulturetako beste hainbat hartu eta guztiekin gizaki berri bati bizia emango diogu, groteskoa, basatia, gupidagabekoa…
Komeria, satira eta sarkasmoaren lengoaiarekin, guztiok alfonbra azpian ezkutatu ohi duguna, agerian geratuko da.

Atx Teatroa Bilbon sortu zen 2010ean Iñaki Ziarrustaren eskutik. Bere ikuskizunei dagokienez, distopia, antiestetika eta Euskal Herriko tradizio eta antropologian ikertzea dira Atx Teatroaren zutaberik nagusienak. Zita ostegunean, hilak 24, Biterin, 20:00etan.

BILBO: Dantza tailerra, Dana Raz-en eskutik

Zergatik ez eguraldi txarra aprobetxatu dantza pixka bat ikasteko?Dana Raz koreografo eta dantzari israeldarra da, mundu osoan aritua. Interesa baduzu,  bizidantza@gmail.com  helbidera idatzi! Saioa ostiralean izango da, La Fundicionen, 18:00-20:30ean.

DEBA: Jainkoak ez dit barkatzen

Josu Martinezek, UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikerlari eta irakasleak, Jainkoak ez dit barkatzen dokumentala aurkeztuko du. Saioa ostiralean izango da, hilak 35, kultur etxean, 22:00etan.

Filma berezia da, Martin Ugaldek Lezo Urreiztietari 1975-1978 bitartean grabatutako 35 orduko elkarrizketa batean oinarritua delako eta horrek ikus-entzuleari zinema esperientzia berritzaile bat proposatzen dio. Lezok berak lehen pertsonan kontatzen duen historia da Jainkoak ez dit barkatzen, Martin Ugalderen magnetofonoak grabatutako protagonistaren ahotsa entzuteko aukera emango diguna. Bere bizia arriskatuz, ehunka pertsonarena salbatu zuen; Euskal Herri aske bat negoziatu zuen atzerriko gobernuekin; Espainiako Gerra Zibilean, Bilbon armaz betetako 17 barku sartzea lortu zuen; Franco hil zuen, ia...