Ze motatako kontsumista zara?
Gabonetan asko ala gutxi gastatu duzu? Zer erosi duzu? Horren arabera, kontsumismo mota bat edo bestea praktikatu duzu!
Zure burua kontsumistatzat duzu? Beharbada ez, baina garaiotan zaila da tentazioari eustea. Gabonak, beherapenak... baina kontziente ote gara erosketa konpultsiboan erortzen garela? Zerk bultzatzen gaitu etengabe kreditu txartela erakustera? Hona hemen bost kontsumista mota:
1) ESTATUS ARABERAKO EROSLEA: Erosle mota honek markak maite ditu. Gogoko du erosten duen horrek estatus bat markatzen duela sentitzea; prestigioa eskaintzen diote gauzek, edo hala uste du. Bere postu sozioekonomikoaren isla dira bere erosketa joerak. Zoritxarrez, erosle mota honek gehienetan behar lukeena baina gehiago gastatzen du.
2) PAGOTXEN BILATZAILEA: Deskontuen jaun eta jabeak dira. Berdin du dirua izan ala ez; biziki maite dituzte pagotxak aurkitzea, eta prezioak behin eta berriz begiratzen dituzte. Askotan, behar ez duten hori erosten dute, soilik merke topatu dutelako. Hauetakoa bazara, kontuz beherapenekin!
3) EROSLE EMOZIONALA: Hau da zabalduen dagoen kontsumista mota. Erosle emozionalak hobeto sentitzeko erosten du; triste edo haserre dagoenean, erostea da bere lehen inpultsoa. Baita asperturik dagoenean; azken finean, erosketak gabezia emozional bat betetzen dute, gehiegi jatea edota etengabe lo egitea bezala.
4) LAGUNTASUNA EROSTEN DUENA: Ezagutzen duzue eskuzabalegia den inor? Beti dator opariekin, inork ezer eskatu ez dion arren. Bada horixe izan daiteke kontsumitzaile mota hau. Etengabe objektuekin betetzen ditu ingurukoak, beren laguntasuna edota maitasuna trukean jasotzeko helburuarekin. Kontuz, hauekin, ez badute lortzen nahi dutena sekulako frustrazioa sentitzen dute eta.
5) EROSLE BULIMIKOA: Kontsumitzaile mota hau da ziurrenik muturrekoena. Duen guztia gastatzen du beti, zenbaki gorritara iristeraino; ez du mugarik. Ondoren, sekulako lotsa sentitzen du. Adituen esanetan, gaizki sentitzeko bide bat da; hau geratuz gero, hobe laguntza eskatzea!