Zatoz Ahotseneara!

Abenduaren 5etik 8ra, ostegunetik igandera, egingo dute 48. Durangoko euskal liburu eta disko azoka, eta seigarren urtez, Landako Erakustazokaren alboan jarriko duten Ahotsenea Gunean zuzeneko musika eta aurkezpen-solasaldiak eskainiko dituzte. Bertan parte hartu nahi izanez gero, izena emateko epea irailaren 23an zabalduko dute.



Ahotsenea Durangoko Azokaren baitako sortzaileen gunea da. Musikari eta idazleak biltzen dira urtero beren azken lanak entzule eta irakurleei zuzenean aurkeztera. Goizeko 10:00etan hasi eta 22:00ak bitarte, etenik gabe, ordu erdiko saio laburrak eskaintzen dituzte, eta Durangora hurbiltzen diren erosle posibleek gustuko artisten lanak bertatik bertara dastatu eta sortzaileekin mintzatzeko aukera izaten dute.

Noski, bertan aritu ahal izateko izena eman behar da aldez aurretik. 2013ko Durangoko Azoka abenduaren 5etik 8ra egingo dute, ostegunetik igandera, eta Ahotsenean izena emateko epea irailaren 23an zabalduko dute. Bi baldintza bete behar dira: euskaraz sortutako lanak aurkeztea, eta lanok 2013an argitaratuak izatea.

Horretarako, info@ahotsenea.net helbidera idatzi beharko da.

Bi aretotan
Gunearen baitan bi espazio bereizten dira: lehenean lanari buruzko azalpenak eman ditzakete sortzaileek kazetari edo berbalaguna alboan dutela, eta bigarrenean lana bera zuzeneko emanaldi baten bidez aurkeztu behar dute. Lehenean ariko diren idazleek berekin egongo den laguna aukeratzen dute, eta aldiz, musikari buruzko aurkezpenez Julen Azpitarte musika kazetaria arduratzen da.

Parte hartzaileen kopurua zehaztutakoan, urrian emango dute aditzera 2013ko Ahotseneako egitarau zehatza. Adi ibili, punta-puntako euskal sortzaileen gunea, azken urteetako joerari jarraiki, indartsu etorriko baita beste behin ere!