Zarauzko Literaturia jaialdia bihar hasiko da, (B)egia ardatz hartuta
Liburu aurkezpenak, azoka eta ikuskizunak izango dira egitarauan. Booktegi plataforma digitala omenduko dute edizio honetan.
Literaturia literatura jaialdia bihartik igandera bitarte izango da Zarautzen. Edizio honetako leloa (B)egia" izango da, "begiaren eta egiaren arteko baturak eragiten dituen ideia asoziazioetan" sakontzeko. Azken batean, "sinetsi al dezakegu ikusten dugun hori?".
Ohiko legez, liburu azoka izango da Lege Zaharren enparantzan, eta bestelako ekitaldi, solasaldi eta liburu-aurkezpenak ere izango dira Modelo Aretoan eta Etxezabalan.
Aurtengo manifestua Mari Luz Estebanek idatzi du, eta bihar irakurriko du, Modelo aretoan, 20:00etan. Jarraian, Iraia Elias, Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolak (B)egira! ikuskizuna taularatuko dute.
Larunbatean azoka irekiko dute, 11:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta liburu aurkezpenak ere egingo dituzte goizez eta arratsaldez. Eguerdian, Booktegi plataforma digitala omenduko dute. Etxezabalan, 11:00etan, Iñaxio Tolosa ipuin kontalaria arituko da, 4 eta 7 urte arteko umeei zuzendutako Toloren Tolokeriak saioarekin.
Bego Montorio, Julen Gabiria eta Miel Anjel Elustondok Bunbuiloen atzean ere, itzultzailearen (b)egia eskainiko dute larunbat eguerdian Modelo aretoan eta beste bi ikuskizun ere izango dira bertan: 17:30ean, Inuksuit, Patxi Zubizarreta, Maddi Oihenart, Antton Valverde, Mintxo Cemillán eta Malen Fernandez de Larrinoarekin; eta 22:00etan, Galbahea: Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko, Gotzon Barandiaran, Rafa Rueda, Urdin Baraiazarra, Uxue García, Mariana Blanco, Amaia Garcia, eta Lander Bilbaorekin.
Igandean, Gehiago gustatzen zitzaidan aurreko zure liburua ikuskizuna erakutsiko dute Gorka Arresek, Harkaitz Canok eta Maite Larburuk. Eguerdiko hamabietan izango da, Modelo Aretoan.