Zarautz eta inguruko musikari hasiberriek bertako Aste Nagusian jotzeko izen-ematea ireki du Gazteak

Artista edo talde irabazleak abuztuaren 17an joko du Zarautzen, eta 2.500 euroko saria ere lortuko du.

Gaztea Zarautz eta inguruetako musikari bila dabil bertako Aste Nagusian Olaia Inziarte eta zeatikezekin kontzertua emateko. Gazteak eta Zarauzko Udalak bultzatutako ekimenak inguruetako musika eszena sustatu eta talde hasiberriei agertoki profesional batean jotzeko aukera ematea du helburu. Gaztea Gaua abuztuaren 17an izango da, malekoian. 

Izen-emateko epea zabalik da uztailaren 15eko goizeko hamarrak arte. Zarautz eta inguruetako herrietan erroldatutako edo bertan jarduera artistikoa garatzen duten artista eta taldeek eman dezakete izena. Edozein musika estilotakoak izan daitezke eta adin mugarik ere ez dute jarri. Hori bai, adin txikiko parte-hartzaileek legezko tutoreen baimena aurkeztu beharko dute. Parte hartzen duten musikariek aurkezten duten materialaren erabilera eskubideak dituztela bermatu beharko dute.

Interesa duten musikariek formularioa bete beharko dute. Profesionalez osatutako epaimahaiak bat aukeratuko du, eta irabazleak abuztuaren 17an Zarauzko Aste Nagusian jotzeaz gain, 2.500 euro irabaziko ditu. Gazteak bere gain hartuko du ekitaldiaren ekoizpen teknikoaren kostua.

Gazteak jakinarazi duenez, epaimahaiak honako irizpide hauek izango ditu kontuan: proiektuaren kalitate artistikoa, zuzeneko emanaldirako gaitasuna, jatorrizko proposamena izatea, eta tokiko eszenarekin lotura izatea.

Zarauzko Aste Nagusiko kontzertuak
Abuztuaren 17ko gaualdiaz gain, beste hainbat kontzertu ere izango dira malekoian. Hitzordu hauek lotu dituzte: abuztuaren 18an, Neomak; abuztuaren 19an, Janus Lester; abuztuaren 20an, Seguridad Social; abuztuaren 21ean, Puro Relajo; eta abuztuaren 22an, Leire Martinez.

Musikaz gain, bestelako ekintzak ere izango dira Zarautzen abuztuan. Su artifizialen erakustaldiak egingo dituzte abuztuaren 15ean eta 16an, eta lehen mailako pilota txapelketako partidak jokatuko dituzte 16an eta 23an. Zarauzko estropadak, berriz, 22an eta 23an izango dira.