Zaparrada: "Gizarte arazoei buruzko kantak baino nahiago ditugu umorezkoak"
Santi Diaz De Zeriok, Pascal Binik eta Ramuntxo Berriok osatzen dute Zaparrada talde baionarra, eta hamaika urteko ibilbidearen ostean, lan berria kaleratu dute, 'Alerte'.
2001ean maketa grabatu eta 2010ean Iparraldeko Konpilazioan parte hartu ondotik lan berria atera duzue aurten. Hitz guttitan, zer aurkitu daiteke disko berrian?
Hamaika kantuz osaturiko diskoa da, munduan gertatzen diren arazoei eta eguneroko bizitzari buruzkoak. Formatu elektro-akustikoko bi kantu sartu ditugu, zuzeneko kontzertuetan elektrikoan jotzen ditugunak, eta besteak kantu kaineroak eta lasaiak dira. Ongi ezagutu nahi badituzue, hala ere, hobe duzue entzutea!
Zein ezberdintasun du maketarekiko?
Estudio aldaketak ukitu desberdinak eman dizkio, eta baxujole berriak ere bere nortasuna eman dio. Diskoa grabatzea esperientzia berria izan da guretzat, lan luzea izan baita eta ordu anitz behar izan baititugu, baina azkenik pozik gaude emaitzarekin.
"Mundua etengabe denboraz kanpo jokatzen da", baina ikusten al duzue irtenbiderik?
Irtenbiderik? Ez dakit. Gauza bat argi dugu: bidean jarriko zaizkigun ate guztiak zabalduko ditugu. Gure musikarekin gozatu nahi duenak aski du gurekin harremanetan jartzea, eta irtenbidea zein den erakutsiko diogu!
Zein musika taldetik edaten du zuenak?
Estilo asko lantzen ditugu, baina gure erreferentzia, gehien bat, 80ko hamarkada izan da; berau gaur egungo soinuarekin lotzerakoan sortzen da Zaparrada taldea. Azken emaitzan nabari da guztiok estilo ezberdinak entzuten ditugula.
Gizarte arazoetatik abiatzen dira zuen hitzak, baina umorea ez duzue baztertzen...
Umorea oso garrantzitsua da! Ramuntxok Zaparradako bateria jotzailea pitokeriak esaten pasatzen du denbora gehiena, eta oso xelebrea da istorioak kontatzen. Gizarteko arazoak anitz dira, eta aipatu ere egin behar dira, baina guk, hautatzekotan, nahiago ditugu umorezko kantuak.
Rock and Rollak Euskal Herrian dirurik ez duela emanen baieztatu izan duzue; nola ikusten duzue panorama?
Gu ez gara honetaz bizi, baina Rock and Rollaz bizi nahi dutenek zaila izango dutela uste dugu, talde asko daudelako. Bestalde, musika egiteko erak ere asko aldatu dira, eta Euskal Herriko taldeak izan arren ingelesez abesten dute askok. Niretzat hori ez da erakargarria, aski talde baitaude jadanik ingelesez mintzatzen diren herrialdetan.
Egoera horretan, sarea ez al duzue lagungarri ikusten?
Ez dago gaizki, jendeari guregana iristea errazten baitio, baina, egia esan, guretzat ez da hain erabakigarria. Tresna moduan erabiltzen dugu, baina hori bezain garrantzitsua da egunero berritzea zaharkiturik ez gelditzeko.
Eta Ipar Euskal Herrian konkretuki, bizirik al dago Rock and Rolla?
Bai, talde asko gara. Guk Tarnoseko La Locomotive elkartean entseatzen dugu. Hiru gela daude eta beti daude beteta. Maratoia dirudi, batek bukatzen duenean bestea segidan hasten da! Rock and Rolla bakarrik ez, denetariko estiloak entzun daitezke, gainera.
Hamaika urte hauetan etenik egin al duzue zuen ibilbidean?
Etenik ez, baina taldeak hiru aldiz aldatu du baxu jotzailea, gora beherak izan baititugu ibilbidean. Baina musikazaleak gara, eta horrek aurrera jarraitzeko indarrak ematen dizkigu.
Orain arte, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian jo duzue; aurrerantzean zein da zuen erronka?
Gure erronka kontzertu gehiago jotzea da: gaztetxetan, herriko festetan, edo dena delakoetan. Euskal Herri guztian jo nahi dugu, euskaraz kantatzen dugulako.