Zabalik da Euskaraz Bizi Nahi Dut film laburren lehiaketan parte hartzeko epea
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak abian jarri du bigarren urtez Euskaraz Bizi Nahi Dut film laburren lehiaketa, eta aurten lehenengoz Donostiako Zinemaldiaren egitarauan barneratuko dute. Lanak bidaltzeko epea irailaren 15a bitarte izango da zabalik.
Euskaraz bizitzeko nahia irudikatzen duten film laburrak osatzea, eta horien bidez euskaldun askoren desioa jendarte osora hedatzea du helburu Kontseiluak antolatutako film laburren lehiaketak, eta iazko arrakasta ikusirik, aurten bigarrengoz egingo dute Euskaraz Bizi Nahi Dut lehiaketa. Izan ere, "Pentsatzen duguna gara" maximari jarraiki, euskaraz bizitzearen aldeko portaera indartzeko, hori posible dela pentsatu behar dugu lehenik, euskaraz pentsatu ere, eta errealitate egin ondoren.
Hala ba, euskaraz bizi nahi duten herritar horiek bizi dituzten egoerak, euskaraz bizi nahi dutela erabaki duten horien adorea, helburua lortzeko bidean sortzen diren estimulu eta arazoak… agerian uzten dituzten bideoak osatu beharko dituzte lehiaketako parte hartzaileek. Iraupen aldetik, 30 minutu baino gutxiagoko filmak aurkeztu beharko dituzte, eta formatu eta bidalketa ezaugarriak lehiaketaren oinarrietan aurkituko dituzue.
Lanak aurkezteko epea zabalik izango da irailaren 15era bitarte. Ondoren, Kontseiluko idazkari nagusiak eta zinema munduko profesionalek osaturiko epaimahaiak ebatziko du irabazlea nor den, eta 2.000 euroko diru-saria emango diote.
Donostiako Zinemaldiarekin bat
Baina aurten lehen aldiz, Donostiako Zinemaldiaren egitarauaren baitan kokatuko da Euskaraz Bizi Nahi Dut film laburren lehiaketako finala. Irailaren 26an, beraz, lan onenak proiektatuko dituzte Zinemaldiaren baitan, eta interesa duen edonork ikustera joateko aukera izango du.
Zinemaldiko kartela
Donostiako Zinemaldiaren 61. edizioa irailaren 20tik 28ra egingo dute, eta aurtengo kartela aukeratzeko Sareko lehiaketa jarri zuten martxan antolatzaileek beste urte batez. Azkenik, Toni Ponti diseinatzaile eta argazkilari katalanaren Optico lana suertatu da garaile. Irudiak ikusleen begia simulatzen du fondo beltz baten gainean marrazturiko kolorezko zirkuluen bidez, eta 1960. hamarkadako ukitu freskoa duela azpimarratu du sortzaileak. Sareko botoek faboritoen artean kokatu zuten, eta epaimahaiak hartu du behin-betiko erabakia.