Zabalik da Bilbao Hiria Pop-Rock lehiaketan izena emateko epea
Gure artean eta atzerrian ere sona handia hartu du Bilbao Hiria Pop-Rock lehiaketak 25 urteko ibilbidean, eta aurtengoan ere, indarrak hartuta, zabaldu dute bertan parte hartu ahal izateko izena emateko epea. Irabazleek, diru-sari potoloak eskuratzeaz gain, jaialdietan aritzeko eta goi mailako aretoetan jotzeko aukera izango dute.
Dagoeneko aski ezaguna den Bilbao Hiria Pop-Rock lehiaketak 25. edizioa izango du aurten. Oinarriek bere horretan jarraitzen dute, eta Europako gazte talde orok har dezake parte. Hori bai, hainbat baldintza bete beharko dituzte: taldekide guztiek 35 urte baino gutxiago izan behar dituzte; ezin dute disko bat baino gehiago eduki kontratu diskografiko bati lotuta; aurreko edizioetan parte hartu bai, baina lehen saria jaso ez duten taldeak soilik onartuko dituzte; eta noski, aurkeztutako kanten konposizioak originalak behar dute izan.
Hortik aurrera, eta zure taldeak baldintza guztiak betetzen baditu, hiru modalitateetako batean izena eman ahal izango duzu: Pop-Rock, Metal ala Beste Joerak. Horretarako epea maiatzaren 31ra bitarte izango da zabalik, eta webgunearen bidez egin behar da.
Hortik aurrera, lehen aukeraketa epaimahaiaren esku egongo da. Pop Rock modalitatetik 24 talde, Metaletik 10 talde eta Beste Joerak modalitatetik 4 aukeratuko dituzte bigarren fasera igarotzeko. Hautatuek, Bilborocken joko dute irailean, eta profesionalez gain, musikarekin lotura duten gazteek eta entzuleek ere modalitate bakoitzeko hiru talde aukeratuko dituzte finalerako.
Finala azaroan egingo dute, egun zehatza oraindik jakinarazi ez duten arren, eta bertan epaimahaiak hartuko du azken erabakia.
Sari apartak
Bilbao Hiria Pop-Rock lehiaketaren ezaugarri bereizgarrietako bat irabazleek eskuratzen dituzten sari bikainak dira. Izan ere, orotara 20.000 euro banatuko dituzte hiru modalitateetako garaileen artean, eta talderik onenak Bilborock aretoan emanaldi bat eskaini ahal izango du.
Halaber, Bilboko talderik onenak eta Bizkaiko talderik onenak datorren urteko Aste Nagusian joko dute, Bertako Rock taldeentzako eszenatokian. Talde berriak ezagutarazteko eta lehen pausua emateko aukera bikaina.