Zabalik da Balendin Enbeita XI. bertsopaper lehiaketan izena emateko epea

Algortako Bertsolari Eskolak, Getxoko Udalarekin batera, martxan jarri du bi urtetik behin antolatzen duen Balendin Enbeita bertsopaper lehiaketaren XI. edizioa. Lan guztiak bidaltzeko epea urriaren 18ra bitarte dago zabalik.



Ohi bezala bi kategoriatan sailkatuko dute partaidetza. Batetik, 18 urte bitarteko gaztetxoek 6tik 10 bertsora bitarte aurkeztu beharko dituzte eta 19 urtetik gorakoek 8 gutxienez eta 12 gehienez, kasu guztietan gaia, neurria eta doinua librea direlarik.

Parte hartuko dutenen artean lau sari nagusi banatuko ditu epaimahaiak. Helduen kategoriko lehenengo sariak txapela, 900 euro eta garaikurra izango ditu eta bigarrenak, berriz, 600 euro eta garaikurra. Gazteen kategorian, lehenak txapela, 200 euro eta garaikurra irabaziko ditu eta bigarrenak, 100 euro eta garaikurra.

Lanak posta arruntez zein elektronikoz bidali ahal izango dira eta epaimahaia Algortako Bertsolari Eskolak aukeratua izango da. Sari banaketa, aurreko edizioetan bezala, urte amaieran antolatu ohi duten ALBE GALA ekitaldiaren baitan banatuko dituzte.