Z. Saizar: "Hunkigarria da pentsamolde desberdineko jendea helburu beraren alde borrokatzen ikustea"
Herri Ikastolak antolatu zuen Kilometroak festaren harira milaka euskaltzale elkartu ziren atzo Orion. Guztira, bortz kilometroko ibilbidea antolatu zuten eta ikastolen aldeko festaren emaitzarekin pozik daudela aitortu digu Zigor Saizar (Getaria, 1971) Orioko Herri Ikastolako zuzendariak.
Festaren ajea gainean duzula, nola joan zen atzoko eguna?
Guztia aurreikusi bezala atera zen eta, ondorioz, egun ederra izan zen. Pozik gaude Ikastolaren alde lanean aritu ziren boluntario guztien lanari esker, kalte aipagarririk gabe, giro onean murgildu zirelako atzo Oriora gerturatu diren euskaltzalde guztiak.
Dagoeneko ba al dakizue zenbat jende ?
Oraindik goizegi da baina, milaka eta milaka euskaltzale etorri ziren. Goizean jende gutxiago zegoen, eguraldiagatik ziurrenik, baina arratsaldean jendetza gerturatu zen.
Urtebetez ibili zarete Kilometroak jaia antolatzen. Zein izan da jarraitu duzuen lan dinamika?
Festa antolatu behar genuela jakin genuenetik lantaldeak eta arduradunak antolatzen hasi ginen eta leloak eta logoak aukeratzea izanz ziren hasierako erabakiak. Hortik aurrera, hamabost egunetik behin biltzen ziren hamahiru lantalde osatu genituen eta horiek guztiak kudeatzen zituen taldea ere osatu genuen.
Antolakuntzan jende nahiko izan al duzue?
Egia esan, hasieratik jaso genuen festa ondo ateratzeko behar genuen babesa. Urte guztian zehar lanean aritu diren lantaldeak osaturik genituen eta egun handirako boluntarioen kopurua bikoiztu zen. Guztira, 1.500 pertsona behar genituen atzo eta arazorik gabe lortu genituen. Noski, Orio herri txikia da eta laguntza eskatu behar izan genien Zarauzko eta Usurbilgo ikastolei eta baita Aia eta Getariako herriei ere. Inguruko herrietan beti daude euskaltzaleak eta haien laguntzari esker lortu genuen jendetza.
Programari dagokionez, aurreko edizioekin desberdindu zarete herritik eraiki duzuelako festa.
Gure ikastola, izenak dioen bezala, Herri Ikastola da, bere garaian herriak herriarentzako sortu zuena. Horregatik, herriarekiko atxikimendua islatu nahi izan dugu hasieratik Ikastolen aldeko festan. Herriko kultur-eragile gehienetan murgilduta dagoen jendea Ikastolatik atera da eta beraz, dantza taldeak, bertsolariak eta musika taldeak Herri Ikastolatik edandako ikasle eta gurasoak dira. Eurei eman diegu lehentasuna, gure nortasuna Euskal Herriko txoko guztietatik etorri diren euskaltzaleei erakusteko asmoz.
Horregatik agian, Herri Ikastola sortu zutenen ausardia azpimarratuko zenuten irekiera ekitaldian.
Garaiko oztopoen gainetik, 'Erria Txikota' askatasun oihua egin zutenak omendu genituen irekiera ekitaldian. Josu Erguinek AEBetatik ekarri zuenez Kilometroak festaren ideia, bere partaidetzaren bitartez, Ikastolen festen bilakaerari tarte bat egin genion. Berekin batera egon zen, era berean, Antonio Campos Orioko Herri Ikastolako lehendabiziko lehendakaria, gerora Ikastolen Elkarteko lehendakaria izan zena.
Atzera begiratuta, zer da urte honetan azpimarratuko zenukeena?
Denon artean egon den giro ona eta Ikastolaren alde bakoitzak jarri duen ilusioa. Azken finean, hunkigarria da testuinguru eta pentsamolde desberdineko jendea helburu beraren alde borrokatzen ikustea.