Z belaunaldiaren joera berria: lanerako joan-etorrietan teknologia baztertu eta norbere buruarekin egotea

Etengabeko estimuluen garaian bizi gara, eta horri kontra egiteko moduen bila ari dira Z belaunaldikoak.

Iaz zabaldutako rawdogging joerak jende askoren arreta bereganatu zuen. Joera honen funtsa hegaldi luzeetan entretenitzeko edo denbora-pasako gailuak eta objektuak alde batera utzi, eta norbere pentsamenduekin egoten jakitea zen. Orain lanerako joan-etorrietan gauza bera egiteko ohitura sustatzen ari da, eta barebacking deitu diote horri.

Lantokira edo etxera iristeko bidean pasatako denbora norbere burua prestatzeko edo erlaxatzeko erabiltzea da asmoa, emailak edo sare sozialak begiratzen aritu beharrean. Beraz, telefonoa, liburuak, podcastak, musika, gurutzegramak eta bestelakoak ahaztu, geure arreta geureganatu eta pentsatzeko denbora eta espazioa hartzea izango litzateke. Egonean egotea eta ingurura eta ingurukoei begiratzea, leihotik kanpora dagoenari erreparatzea, unean unekoari toki egitea. Mugikorrek eta bestelako gailuek gure arreta eta bizitza bahitu baino lehen egiten genuena alegia. 

Baditu, noski, bere zailtasunak ere. Garraio publikoan goazela ingurukoei begiratzea ez da erraza izaten. Ezezagunak izaten dira askotan eta deserosoa iruditzen zaigu. Pantailei begiratzen ohitu gara, eta gizakien begiradari izkin egiten diogu. Baina, izatez, jendea ezagutzeko ere aukera ederra izan liteke, ez al da hala?

Badira bestelako erronkak ere, entretenimendua baztertzean pentsamendu deserosoak ager baitaitezke, eta zaurgarri sentiarazten gaituzte halakoek. Kontuan izan behar da, ordea, informazio gaindosiari etena jarri eta gure pentsamenduak antolatzeko denbora eskaintzen digula, geure buruarekin elkartzeko tarte batez.

Psikologo batzuen iritziz, mesede egin dezake. Etengabeko estimulaziorik ez denean, nerbio-sistema lasai daiteke, antsietatea murriztu eta arreta bideratzeko gaitasuna handitu. Baretasunak arnasa hartzeko, sormena areagoatzeko, emozioak erregulatzeko eta kontzientzia pizteko balio dezake. Azken finean, deskonektatu eta une hori bera, orainaldia, bizitzeko aukera ematen du.

Zuk ere joera hau jarraitzen al duzu?