YouTube Shorts, TikTok-i konpetentzia egin nahi dion formatua

60 segundo edo gutxiagoko bideoak grabatu eta edita daitezke YouTube aplikazioaren barruko atal berrian, eta baita prest dauden bideoak igo ere.

Irailean iragarri zuen YouTubek Instagram eta TikToki aurre egiteko plana: YouTube Shorts. YouTuben barruko atala da, eta bertan erabiltzaileek 60 segundo edo gutxiagoko bideoak igo ditzakete. Pixkanaka garatu dute funtzio berria eta martxan da astelehenaz geroztik 100 herrialde baino gehiagotan. 

Mugikorrerako funtzioa duenez nagusiki, iOS eta Androideko YouTube aplikazioetan bakarrik erabil daiteke oraingoz. Hortaz, aurrez aipatu bezala, ez da aparteko aplikazioa, haren barneko atala baizik. Horrela, bideoak sortu, igo edota ikusteko aukera dago beste inora salto egin beharrik gabe.

Funtzionamendu aldetik, bideo laburren gainerako aplikazioen antzekoa da. Edozein erabiltzailek bideoa bertan grabatu, editatu eta igo dezake. Baliabideei dagokienez, hainbat plano graba daitezke, testua eta musika gehitu, azpitituluak jarri, abiadura doitu...

Erabiltzaileek bideoa atsegin dutela adieraz dezakete, iruzkina egin edo edukia elkarbanatu, baina ezin daiteke deskargatu, TikToken ez bezala. Sortzaileek eurek badute bideoa jaisteko aukera YouTube Studio-ren bidez. Bestetik, YouTubeko bideo luzeetako audioak erabiltzeko aukera ematen du. Horrela, bideo bateko momentu jakin baten aurrean izandako erreakzioak graba daitezke, errezetak berregin edota esketx baten bertsioa egin. Bideo luzeetako audioa erabili ahal izateko nahitaezkoa izango da sortzaileak baimena ematea. 

Bideo laburrak pantaila nagusian ageri dira, hari eskainitako atal batean eta baita azpiko menuan ere. Dagokion atalean sartzean, sortzailearen kanala ikus daiteke, audio horrekin sortutako beste bideo batzuk ikusi, edo beheraka jaitsi bideo gehiago ikusteko. Aplikazioan ohitura den moduan, guk ikusitakoaren araberako gomendioak ere egingo dizkigu. 

Sortzeko botoia berriz, aplikazioaren behealdean ageri da. 60 segundo edo gutxiagoko bideoak graba daitezke formatu bertikalean. Aplikazioan bertan grabatu eta edita daiteke, edo bestela jada prest dagoen bideoa igo. 

Googlek jakinarazi duenez, musika konpainiekin akordioa lortu du erabiltzaileek musika-liburutegia erabil dezaten bideo laburrak sortzeko. Ondorioz, 250 diskoetxe baino gehiagoren abestiak daude eskuragai. 

Diru kontuekin lotuta, YouTube Shorts funtsa sortu dutela jakinarazi dute, "2021 eta 2022an 100 milioi dolar banatzeko".  Ez dute funtzionamenduaren inguruko xehetasunik eman baina badirudi TikToken dagoenaren antzerakoa izango dela. TikToken baldintza jakinak betetzen dituzten sortzaileek dirua jasotzen dute. Horretarako, sortzaileek eurek eskaera egin behar izaten dute eta onartua izanez gero, lortzen dituzten emaitzen araberako diru-kopurua eskuratzen dute, hau da, ez da kopuru finkoa izaten. Hautaketa egiteko herrialdea, adina, jarraitzaile eta bisita-kopurua, eta arauen betetze-maila hartzen dituzte kontuan. 

Lortuko al du YouTube Shorts-ek TikTok-i itzal egitea?