Yope, algoritmorik eta jarraitzailerik gabeko sare soziala

Talde itxietan lagunekin irudiak partekatu eta elkarrizketak izateko aukera ematen du aplikazioak.

Yope belaunaldi gazteei bideratutako aplikazioa da, eta lagunekin argazkiak partekatzeko aukera ematen du sare sozial honek. Batzuen iritziz, Whatsapp eta Instagramen arteko nahasketa da, alde batetik bisualki Instagramen ispiritua duelako, eta bestetik, Whatsappen pribatutasuna. Oraingoz 15 milioi erabiltzaile inguru ditu erregistratuta.

Sareen presio, jarraitzaile kopuru eta "like"-n mendekotasunetik irten eta lagunekin edo ingurukoekin argazkiak partekatzeko aukera ematen du. Sortzaileek azaltzen dutenez, "une errealak partekatzeko espazioa seguru eta gardena" izatea du helburu.

Talde itxiak daude bertan, eta parte-hartzaleek irudiak eta mezuak partekatzen dituzte. Ez dago iragarkirik bertan, eta ezta edukiak lehentasunaren arabera ordenatzen dituen algoritmorik ere. Adimen artifizialarekin argazki-collageak egin daitezke, eta horma batean antolatzen ditu irudiak.

Interfaze sinplea du. Aplikazioaren argazkia atera edo galeriatik argazki igo, eta talde itxi batera bidaltzen da. Talde horietan sortzen da hartu-emana, eta gainerakoek iruzkinak egin ditzakete, eta elkarrizketak izan. Ezin diozu inori mezu edo argazkirik bidali, elkarren lagunak izan ezean, eta ez dago argitalpen publikorik.

Bestetik, blokeo-pantailarako widget baten bidez, erabiltzaileek taldeetako argazki berrienak ikus ditzakete aplikazioa ireki beharrik gabe.

Android eta iOs sistemetako telefonoetan deskarga daiteke gero eta jarraitzaile gehiago dituen aplikazioa.