Yannick Vergara: “Maitale nahiko erromantikoa naiz”

Yannick Vergara: “Maitale nahiko erromantikoa naiz” Hilaren 16tik 19ra bitarte, Federico G. Lorcaren ‘La casa de Bernarda Alba’ antzezten ariko da Yannick Vergara (Barakaldo, 1983) Bilboko Euskalduna Jauregian. Sexumatoia proposatu eta “Pff! Gauza handirik ez dut kontatzeko!” erantzun digu algara artean. Ene! Hain gaizki ote doakio? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/yannick-vergara-201cmaitale-nahiko-erromantikoa-naiz201d/@@download/image/SEXUMATON_Yannick_Vergara copia.jpg
2017/11/13
elkarrizketa
Hilaren 16tik 19ra bitarte, Federico G. Lorcaren ‘La casa de Bernarda Alba’ antzezten ariko da Yannick Vergara (Barakaldo, 1983) Bilboko Euskalduna Jauregian. Sexumatoia proposatu eta “Pff! Gauza handirik ez dut kontatzeko!” erantzun digu algara artean. Ene! Hain gaizki ote doakio?

Zergatik diozu sexuaz gutxi duzula kontatzeko?
Urte larregi eman dut nire energia guztia aktore lanetara zuzentzen... Gainera, nahiko erromantikoa naiz eta kostata ematen ditut lehenengo pausoak sexu harremanetan.


Tira, Bernarda Albaren alaben azalean, dolu-jantziekin tapa-tapa eginda ez zarete bereziki inspiragarri ageri...
Ez pentsa! Jendeak gustu arraroak ditu! Bestalde, gure pertsonaiak ezkutatzen saiatzen diren sexu-beharra aski agerikoa da, eta horrek jokoa ematen du...


Bestela, eguneroko bizitzan, zeure burua sexy sentitzea gustatzen zaizu?
Neure buruarekin gustura sentitzea gustatzen zait, eta hori ere sartzen da noski.


Nola lantzen duzu alde hori?
Jarrera kontua da. Zeure burua erakargarri sentitzen baduzu, ingurukoek ere hala antzemango zaituzte. Segurtasun hori falta zaidanerako: nire arropa sexyak, makillajea eta ezpain gorriak. Horrela dena errazagoa da!

 


Eta besteek noiz sentiarazten zaituzte sexy?
Interes eta misterioz betetako begirada bat oparitzen didatenean.


Zertan datza, zure ustez, pertsonen sex appeal-a?
Lehenengo kontaktua bisuala denez, fisikoak badu garrantzia. Baina harremana gerokoek definitzen dute, eta kasu batzuetan aurreneko ustea aldatu ere bai: besteekiko jarrera, umorea, gorputz-keinuekin zer transmititzen duen, gai ezberdinei buruz hitz egiteko gaitasuna...


Zentzu horretan, zein da inoiz antzeztu duzun pertsonaia erakargarriena?
Argi filmeko protagonista: jazarpen urte haietan ametsen alde borrokatzeak sekulako morboa eman behar zuen.


Eta eszena erotikoena?
Halako gutxi... Mikel Losadarekin, Anfitrio berezia filmean, sukaldeko momentu sasi-erotiko hura.

 

 


Oro har, zer moduzkoak iruditzen zaizkizu porno sektoreko aktoreen dohain artistikoak?
Ez naiz batere pornozalea, baina horri ez nioke dohain artistiko deituko. Euren eguneroko bizitzetan askoz interesgarriagoak eta erakargarriagoak izango dira, ziur.


Bizitza errealean, sexu harremanetan, antzezteko beharra izan duzu inoiz?
Inoiz edo behin... ondoan nuen Don Juanaren autoestimua ez zapuzteko...


Zure sexu esperientziak hobetzeko, birziklatzeko, ikasteko, aldatzeko, aberasteko... ahaleginik egiten duzu?
Egia esateko, ez. Maitale nahiko erromantikoa naiz, baina momentu edo konpainiaren arabera moldatzeko gai!