Xiru festibala izango da asteburuan Zuberoan

Musika emanaldiak izango dira ostiraletik igandera bitartean, tartean Euskal Barrok Ensemble, Maddi Oihenart, eta Beñat Axiarirenak.

Xiru festibala, musika eta sorkuntza jaialdia, ostiraletik igandera egingo dute Zuberoako Gotaine-Irabarne eta Ligi herrietan. Euskal kulturaren hainbat adierazpidez osatu ohi dute egitaraua, hala nola musika, dantza, olerkigintza, artea eta antzerkia. Aurten ere ez da musikarik faltako, bestelako zenbait jarduerekin batera. 

Ostiralean, hilak 15, Euskal Barrok Ensemble taldeak Elkano kontzertua emango du Ligiko elizan, 21:00etan. Enrike Solinis, Miren Zeberio, Deta Astari, Leire Berasaluze, Pablo Martin, Dani Garai, eta Mixel Etxekopar ariko dira, eta Getariako Elkano Fundazioko Rafael Zulaikak hitzaldia emango du. 

Larunbatean, Aztarnak kontzertua eta diskoaren aurkezpena izango da Gotaineko antzoki berrituan, 21:00etan. Marina Beheretche (biolina), Soka boskotea (Joachim Bouillier, Aude Fade, Emmeline Bouillier, Emmannuelle Bacquet, Marina Beheretche), Vincent Planes (pianoa), Paxkal eta Paxkalin (txalaparta), Mixel Etxekopar (xirula, ttun-ttuna, eta ahotsa), eta Arantxa Lannes (arte performancea) izango dira protagonistak. 

Igandean hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango da, 50 urtez kantan Gotainen lelopean. Goizean pilota partida eta kontzertua izango da, eta ondoren piknika. Arratsaldean, berriz, Maddi Oihenart, Mathieu Mendizabal, Beñat Axiari, Xiberotarrak, Maika Etxekopar, Mixel Etxekopar, eta Xiberoots-en emanaldiak izango dira. 

Elkano eta Aztarnak kontzertura joateko erreserbak egin behar dira aurrez; ez, ordea, iganderako.