XIII. Augustin Zubikarai Saria martxan

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak urtero eskaintzen dute nobelak sortzeko beka hau, eta aurten beren burua aurkeztu nahi dutenek irailaren 30era arteko epea dute horretarako.



Euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko xedea duen Augustin Zubikarai Sariak hamahirugarren ekitaldia beteko du aurten. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak luzatutako deialdi honetara eleberriak idazteko proiektuak aurkez daitezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.
Interesa dutenek, 2013ko irailaren 30era arte bidal dezakete proposamena, oinarrietan zehazten den gisara eta eskatutako dokumentu erantsi guztiekin, mrey@ondarroakoudala.net helbidera.
Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaia arduratuko da jasotako lan guztiak aztertu eta 2013ko urriaren 31 baino lehen irabazle bat izendatzeaz. Honek 6.000 euroko saria jasoko du eta, izendapena jasotzen duen unetik, urtebeteko epea izango du idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazteko.

Argibideak eskatzeko:


Ondarroako Udaleko euskara zerbitzua:
94 683 36 68 mrey@ondarroakoudala.net


Elkar argitaletxea:
943 31 02 67 liburuak@elkar.com