Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldia martxan!

Azkue Fundazioak eta Xarek Durangoko Udalaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz antolatutako ekimenak euskararen erabilera sustatuko du.

Euskarazko kultura digitala sustatu eta ezagutaraztea da Azkue Fundazioak eta Xarek berak bultzatutako Xare egitasmoaren helburu nagusia: besteak beste, softwareen euskaratzea bultzatzea eta horiek instalatzeko nahiz erabiltzeko ohitura sustatzea, baita euskarazko IKTen sektorea ikusarazi zein balioestea ere.

Urriaren 31ko Durangoko hitzordua prestatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta bertako Udalaren laguntza izan dute gainera. Goizeko 9etatik 13:45etara bitarte, hiru ikastetxe ezberdinetatik etorritako Batxilergoko 1go mailako 450 gaztek hartuko dute parte Landako Gunea, Plateruena Kafe Antzokia eta Zugaza Zinema beteko dituen ekimen honetan.

Gazteak eduki ezberdinak eskainiko dituzten hiru aretotan barrena mugituko dira:

Info Aretoa (Plateruena Kafe Antzokia)

Ezagutzara bideratutako gune honetan, euskarazko kultura digitalaren esparruan aitzindari izan diren eta egun lanean diharduten 6 proiekturen inguruko aurkezpen labur (12’) bana entzunen dute ikasleek. Hala, Puntu Eus Fundazioak, Librezale Elkarteak, Ahotsak egitasmoak, , Booktegi-k, Alboan-ek eta Euskal Wikilareien Elkarteak une honetan esku artean dituzten hainbat proiekturen berri emanen dute.

Ikas Aretoa (Landako eraikina)

Gune praktiko honek 8 lantegi ezberdin hartuko ditu eta, 20 laguneko taldetan banatuta, ikasle bakoitzak horietako batean trebatzeko aukera izango du. Tailerrak dagokion sektorean eskarmentua duten profesionalek eta elkarteetako ordezkariek gidatuko dituzte. Honakoa da eskaintza:

– Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak (Dj Makala)

– Bideomappinga: errealitatea areagotu proiekzioak objektuen geometriara doituz (Elurmaluta)

– AppInventor: Android mugikorretarako aplikazioak sortzeko zerbitzua (Talaios)

– Errealitate birtualera hurbilpena (Protomakers)

– Wikipedia: entziklopedia auzolanean eta euskaraz nola elikatu (Euskal Wikilarien Elkartea)

– Arduino: elektronika interaktiboaren munduan hasteko(Protomakers)

– 3D inprimagailuak: objektuak diseinatu eta modelatu(Protomakers)

– Raspberry Pi: plaka-ordenagailu txiki eta merkeak(Iñaki Izkue)

Era Aretoa (Zugaza Zinema)

Erabileran sakontzeko pentsatutako areto hau da aurtengo Sarean Euskaraz Jardunaldiak dakarren berrikuntza nabarmenena, eta bi hitzaldi programatuko dituzte bertan, bakoitza 35 minutukoa. Biek ala biek IKTen erabilera egokia egitearen garrantziaz ohartarazi eta horretarako jarraibideak azalduko dituzte. Izan ere, IKTek gero eta presentzia handiagoa dute herritarren egunerokoan, baita esparru pribatu eta intimoenetan ere.

– Pribatutasuna Sarean (Maider Likona, Gipuzkoako Software Askea)

– Harremanak 3.0: like bat eman (Ane Ortiz, Emaize Sexologia Zentroa

EGITARAUA OSOA IKUSI