Xabin Fernandezek idatzitako 'Kanpora sartzen' antzezlana estreinatuko da asteburuan Legorretan

Duela hamar urte GIBa zuela jakinarazi zioten Fernandezi, eta ordutik izandako bizipenak kontatzen ditu obrak.

Duela hamar urte, garai honetan, ezusteko telefono deia jaso zuen Xabin Fernandez legorretarrak. Odolera ematera joan eta gero, GIBa, giza immunoeskasiaren birusa, detektatu zioten, eta hori jakinarazteko egin zioten deia. Proba batzuk egin eta baieztatu egin zen susmoa. 

Une hartan momentu onean zegoela adierazi du Fernandezek, eta seropositiboa izatea sekretupean mantendu behar izateak, hala aholkatuta, kaiola barruan sartzera behartu zuela. Hori irudikatu nahian, eszenatokian toki nabarmena du kaiolak. 

Hamar urteotan hiru sentipen nagusitu direla azaldu du Fernandezek: beldurra, lotsa eta errua. Hain zuzen ere, sentipen eta bizipen horiek islatu dituzte Kanpora sartzen antzezlanean. Intza Alkainek gorpuzten du birusa, baina berak azaldu bezala, sentimendu horiek dira berez birusaren bidez azaleratzen dituenak. 

Xabin Fernandez bera eta Intza Alkain dira antzezlaneko aktoreak. Aitziber Garmendiak egin ditu zuzendari lanak eta Sara Cozar, berriz, zuzendari laguntzaile aritu da.

Legorretan egingo dute estreinaldia bihar, eta igandean beste bi saio izango dituzte. Aurrera begira ere ari dira emanaldiak lotzen, esaterako Beasainen izango dira maiatzaren 12an. 

Erreportajea apirileko Gaztezulon
Xabin Fernandez, Intza Alkain, Aitziber Garmendia eta Sara Cozarrekin aritu gara solasean Legorretan azken entseguak egiten ari direla aprobetxatuz. Apirileko aldizkarian izango duzue honen inguruko erreportajea irakurtzeko aukera.