Xabier Ormazabal: "Hiriak beste modu batera ikusten ditugu"
Parkourra oso gaztea da gurean, apenas pasatu dira bederatzi urte Irunen aurreneko taldea mugitzen hasi zenetik. Bertakoa da Xabier Ormazabal, desplazamenduaren arteari jarraipena ematera datorren belaunaldikoa.
Bilboko Areatzan egin dugu zita, Leioako campusean ikasten du-eta. Soinean daramatzan arropa zabalek eman digute beregana hurbiltzeko pista; eta asmatu dugu. Argazki saioarekin hasi aurretik berotu behar duela eta, lehenengo erakustaldia egin digu; guri eta harrituta hurbildu diren besteei. Ikusgarria. Zaila da deskribatzea eta azaltzea hirietan etengabe bidea egiten diharduten hauek egiten dutena, beraz, onena, hitza berari ematea.
Denok pixka bat kokatzeko: zer da parkourra?
Parkourra, teorikoki eta betidanik, gorputza entrenatzeko metodo bat izan da. Jendea gimnasiora joaten den moduan, guk hau egiten dugu. Egia da orain, moda kontuak tarteko, askok skate, BMX edo antzeko underground kirol baten modura ikusten dutela, baina puristak garenok beste horri eustea defendatzen dugu.
Baina, zertan datza? Zer egiten duzue?
Inguruak, kasu honetan hiriak ematen diguna, kalea, baliatzen dugu gure fisikoa lantzeko. Eskailerak lau hankatan igotzen ditugu adibidez, edo baranda batetik bestera salto handiak egiten ditugu hankak indartzeko, hormak eskalatzen ditugu, flexioak ere egiten ditugu... Dena dela, alderdi psikologikoa garatzeko ere balio digu honek, izan ere, beldurrak gainditzen laguntzen digu eta, azkenean, hiriak beste modu batera ikusten ditugu. Bi hesiren arteko hutsunea, esate baterako, ez da muga guretzat, ez dugu pentsatzen "hortik ezin dut pasa"; justu kontrakoa: "hortik jauzi egin dezaket".
Hortaz, baliabide bakarrak hiria eta gorputza dira?
Bai... gorputzak ahalbidetzen digun horretara moldatzen gara baina, era berean, gorputza ere moldatuz goaz. Urteen poderioz indarra eta konfiantza irabazten dugu.
Arropa, babes edo material berezirik ez duzue erabiltzen orduan?
Ez, tira, arropa zabalarena... batzuek exajeratu egiten dute! Nik kantzontzilotan ere egin ditzaket saltoak berdin-berdin! barrez, esan nahi dut moda besterik ez dela. Korrika egiteko erosoak diren zapatilek, adibidez, laguntzen dute, baina asko oinutsik ibiltzen dira, eta nik ere horrela entrenatzen dut batzuetan.
Ze ezaugarri bildu behar ditu leku batek honetarako egokia izateko?
Hasieran zuhurrago zabiltza baina, urteekin, beharbada, batez ere garaiera bilatzen duzu. Hala ere, edozein lekuk balio dezake, nahiz eta lehen begiradan pentsatu "hemen ez dago ezer", burua estutu eta zer egin daitekeen bilatzea ere bada erronka polita.
Eta, edozein gorputzekin has gaitezke honetan?
Bai. Garrantzitsuena nork bere buruari zukua ateratzen ikastea da. Neskek eta mutilok, adibidez, fisiko desberdinak ditugu, baina denok ibiltzen gara. Bakoitzak badaki zer den gehiago landu behar duena.
Baduzue teknika arauturik?
Ez.
Bakoitza bere kasara ibiltzen da?
Bai. Baina azken aldian Interneten bideo asko zabaltzen ari dira eta hauek estilo bat edo beste jartzen dute modan; hori dute txarra. Azkenean, guztiok gauza berberak egiten gabiltza, ikusi dugun hori imitatu nahian.
Izendegi bat eta mugimendu estandarizatuak badituzue, ba.
Gure artean komunikatu ahal izateko: "Hemen hau egin daiteke, edo aurrekoan beste hau egitea lortu nuen..."
Zein dira erabilienak?
Zehaztasun saltoa, adibidez; geldi egotetik beste aldera jauzi egitea. Katua ere askotan egiten dugu; martxan, makurtuta, eskuak lurrean ditugula, hankak besoen artetik pasatzea. Luzera saltoa ere bai; korrika abiatu eta martxan jauzi egitea... horiek dira nik gehienetan egiten ditudanak.
Irakurri dut parkourra ez dela lehiakorra. Hortaz, txapelketak eta horrelakoak ez dira antolatzen, ala?
Berez ez. Baina lehen esaten nizun moduan, gero eta gehiago beste kirol urbano batzuen antza hartzen ari da, eta RedBull eta antzeko markak hasi dira horrelakoak antolatzen. Gero jendeak esango dizu ezetz, beraiek ez direla lehiaketa zaleak, baina Sao Paulora bidaia ordainduta eskainiz gero... ezin dutela ezetz esan!
Babesleekin eta guzti dabiltza, hortaz.
Bai, bai. Baina nik ez dut sekula halakorik egin, ezta asmorik ere. Parkourrean helburua ez baita besteak baino hobea izatea; nor bere martxara doa eta nork bere jarduna etengabe hobetzea da kontua.
Topaketak edo bilkurak egiten dituzue, ordea.
Euskal Herrian izan da baten bat, bai; nagusiki, honetan gabiltzanok elkar ezagutzeko eta leku edo mugimendu berriak partekatzeko balio dute, baina niri ez zaizkit gustatzen. Jende gehiegi elkartzen da leku txikitan eta, gainera, honetan fundamentuz eta konstantziaz ez dabiltzanak ere hurbiltzen dira tontoarena egitera!
Susmoa dut Internet dela traceur-en arteko komunikazio bide nagusia.
Dudarik gabe. Foro pila bat dauzkagu, sare sozialak ere erabiltzen ditugu... nik, adibidez, lagunak egin ditut Madrilen, Bartzelonan, Alakanten... eta mundu osoan. Bestalde, aipatu dizkizudan bideoak ere badira lotura garrantzitsua. Finlandiar batekin, adibidez, horrela kotaktatu nuen. Bere YouTube kanalean ikusi nuen askotan izana zela Parisen Parkourraren peregrinazio gune garrantzitsuena da, bertan sortu baitzen eta berriz ere joateko asmoa bazuen berarekin elkartzea gustatuko litzaidakela esan nion. Eta han elkartu ginen.
[Ormazabalek ere baditu berak editatutako sei bat bideo Sarean. Afizioa ofizio bihurtzera doa gainera, Ikus Entzunezko Komunikazioa ikasten ari baita. Kontatu digunez, parkourraren mundu honetan, aldiro-aldiro Interneten presentzia handiena duen herrialdea bihurtzen da indargune. Orain Galiza eta Madril aldean ei dabiltza topera; pare bat urte atzera, ordea, errusiarrak ziren "jaun ta jabe", lehenago ingelesak...]
Paris aipatu duzula sorlekua, zein da honen jatorria?
Entrenamendu mota jakin batetik dator, militar frantses batek Georges Hebert (1875-1957) asmatu zuena: metodo naturala. Honek Afrikara egindako bidaietan ikusi zuen bertakoek izugarrizko fisikoa zutela, indartsuak zirela, ikaragarrizko erresistentzia zutela, malgutasuna... baina, aldiz, ez zutela inongo metodo planifikaturik jarraitzen halako sasoia lortzeko. Orduan ulertu zuen bizitzea bera zela haien entrenamendua, eta horixe jarri zuen praktikan: Georges Heberten metodo naturalak lau hankatan ibiltzea, eskalatzea, korrika egitea, igeri egitea... proposatzen zuen entrenamendu modura. Hortik eratorri zen amerikar pista ezaguna.
Baina honek guztiak nola egin zuen salto gaur egungo hirietara?
Hori 80ko hamarkadan izan zen, Paris ondoko Evry herrian, horregatik da meka modukoa. Berriz ere militar frantses batek bere semea David Belle metodo naturala baliatuta entrenatu zuen, baina azken honek basoetatik edo inguru naturaletik atera eta hirira ekarri zuen. Zuhaitzak igotzetik hesiak eta hormak igotzera pasatu zen. Geroago, Yamakasi (Ariel Zeitoun, 2001) izeneko filma estreinatu zuten eta, orduan bai, mundu osora zabaldu zen.
[Yamakasi izena jarri zion bere buruari parkourra, street stunts eta bestelako akrobaziak egiten dituen zortzikote frantses batek, film homonimoak protagonistatzat hartu zuena. Japoniarra badirudi ere, Afrikako lingala hizkuntzatik dator eta zera esan nahi du: gorputz indartsua, espiritu indartsua, pertsona indartsua.]
Ba ni konbentzituta nengoen honek bazuela loturarik arte martzialekin...
Bai, tira, azkenean, arte martzialek ere nork bere burua hobetzea bilatzen dute beste baten aurka aritzea baino gehiago. Filosofia antzekoa da, nahiz eta jendeak indarrak neurtzeko duen grinak dena izorratzen duen...
Purista-purista zara zu.
Ba bai. Norgehiagoka ibiltzeko badaukat futbola, kirol lehiakorra. Baina hau desberdina da eta horrela errespetatzen dut. Gauzak bereiztu egin behar dira.
Batzuek bizi filosofiatzat ere hartzen dute.
Asko esatea da nire ustez. Saiatuz gero mugarik ez dagoela da parkourraren printzipio nagusia, baina beste edozertan aplika daitekeen zerbait da hori, ez? Pianoan, futbolean... Gurpil-aulkian dabilen elbarriak ere eduki dezake pentsakera hori...
Baina baduzue lelo bat: 'izan eta iraun'. Metodo naturalaren 'indartsua izan, probetxugarri izateko' horretatik dator.
Ni bigarrenarekin geratzen naiz. Izan eta iraun hori ez dut ulertzen; zuk?
Ezta ere, egia esan.
Indartsua izan probetxugarri izateko. Hori bai, hori da nire leloa. Gimnasioan dabilen jendea indartsu dago, baina zertarako? Puztu puztuta ibiltzeko? Guk gure entrenamenduari, aldiz, erabilpen bat eman diezaiokegu. Adibidez, sute batean, jendea suhiltzaileen esperoan geratzen da, ezta? Nik kasu horretan jakingo nuke zer egin eta moldatuko nintzateke bosgarren pisu batetik behera jaisteko. Badakit handinahi tonua hartuko diola baten batek baina... horrela da.
Oraindik ez didazu kontatu non eta noiz izan zenuen zuk honen berri.
Ba, begira, Euskal Herrian, Irunen sortu zen aurreneko taldea 2003 edo 2004 inguruan. Ni 2007an hasi nintzen. Modan zegoen, badakizu... ikaskide bat zebilen, eta denak atzetik. Baina boomak gutxi iraun zuen. Orain Irunen hamabost bat lagun bakarrik ibiltzen gara; hiru urte atzera bilkura bat egin eta 40 lagun azaltzen ziren! Badakit Bilbon gaztetxo batzuk ere badabiltzala, Gasteizen ere bai, Iruñean uste dut utzia dutela, eta Iparraldean saiatu naiz jendea bilatzen, baina ezer ez. Dena dela, egia da Euskal Herrian beti mantendu garela medioengandik-eta nahiko urrun, gure kasa. Baina azken aldian animatuta gabiltza egiten duguna ezagutarazteko.
Zergatik aldaketa?
Ba, alde batetik, Udalek eta erakundeek jakin dezaten zer egiten dugun, haiekin arazorik ez izateko kalean gabiltzanean, eta tailerrak edo horrelakoak antolatu nahi baditugu laguntza eskatu ahal izateko. Eta, orokorrean, jendartean dagoen ezjakintasunari aurre egiteko.
Zer dio ba, orokorrean, kaleko jendeak?
Denetarik dago. "Burua txikituko duzue!" esaten digute askok, erotuta bagina bezala. Ezjakintasuna da; eta nekatu egiten du. Zirkuko jendeak asko entrenatzen omen du, baina guk ez e! Ez dakite zenbateraino prestatzen dugun mugimendu bakoitza egin aurretik.
Ingalaterran eta herrialde eskandinaviarretan badira parkour parkeak, ezta?
Bai, baina gu ez gara horren aldeko, batez ere dakartzaten ondorioengatik. Leku mugatu bat eskaintzen badizute aritzeko, hortik ateratzeko askatasuna galduko duzu, arazoak izango dituzu, ziur.
Zuri ze ekarpen egiten dizu honek?
Nire gorputza sendoagoa den heinean eta hobeto ezagutzen dudan heinean, izugarrizko konfiantza irabazi dut; badakit zer egiteko gai naizen eta zer ez. Horrek ondo sentiarazten nau. Lagun asko ere eman dizkit, bidaiatzeko aukera... futbolak eman ez dizkidan gauza asko! barrez.
Badaezpada, argitu dezagun: zu zure egunerokotasunean ez zara beti horrela mugitzen alde batetik bestera, ala?
Ez barrez, asko nekatzen du! Honetarako tartea hartzen dudanean aritzen naiz, eta, beste askotan, egoerak suertatzen dira bat-batean. Lehengoan, adibidez, futbolean ari ginela, baloia zintzilik geratu zitzaigun. Ba nik hartu eta jaitsi egin nuen. Oso kirol praktikoa da.
Aizu, desplazamenduaren artea izenarekin ere ezagutzen da parkourra. Horrek esan nahi du artetik ere baduela zerbait. Ze neurritan?
Buf... eztabaida handia dago. Izen bereizketa hori 90eko hamarkadan iritsi zen, eta gainera, Ingalaterran free running gehitu zioten gauza gehiago konplikatzeko. Eta ezin zaionez gauza berari hamaika izenez deitu, desberdintasunak bilatu behar... Niri gustatzen zait esatea parkourrak erreferentzia egiten diola arrazoiari, zergatiari edo motibazioari: gorputza entrenatzea alegia. Desplazamenduaren artea gehiago da emaitza.
Bukatze aldera, ze aholku emango zenioke honetan hasi nahi duen gazteari?
Dagoeneko badabilen jendearekin komunika dadila, bila dezala informazioa, ero moduan hasten den jendeak gaizki bukatzen baitu. Inongo prestakuntza fisikorik gabe eta teknika ezagutu gabe bideoetan ikusitakoa egiteko gai direla uste duten horiek kristoren lesioak izaten dituzte. Horrela bai, horrela bada kirol arriskutsua, eta okerrena da burugabe hauek estereotipoak sortzen dituztela.