Xabi Solano (Esne Beltza): "Apiriletik ez gara gelditu"

Bagenekien Esne Beltza taldeak sekulako martxa zeukala; bagenekien kontzertu bakoitzean dantzan jartzen duela gerturatzen den gizaseme oro. Baina oraingoan marka guztiak hautsi dituzte: zuzenekoa jasotzen duen DVDa, 15 kanta berri dituen CDa eta hau guztia janzteko liburuxka atera dituzte batera. Reggaea, ska eta hip-hopa trikitiarekin nahastuta eskaintzen diguten ohiko koktel indartsua, baina oraingoan hirukoitza.


Freedom DVDa eta 3 kolpetan CDa kaleratu dituzue Durangoko Azokarako, liburu formatuan gainera. Lanez lepo ibili zarete, ezta?
Bai. Norabidea tourra apirilean hasi genuen eta ordutik ez gara gelditu... zuzenekoa eman eta grabatu, abesti berriak konposatu, laguntzaileekin abestiak moldatu, bideoklipak... topera!!!

DVDan Esne Beltzaren zuzenekoa da protagonista nagusia.
Hiru kontzertu, hau da, hiru kolpe, grabatu genituen hiru urte ezberdinetan. Lehena Fujirocken, Japonian 2009an, bigarrena Durangon, Plateruenan 2010ean. eta hirugarrena Donostiako Piraten Laguntzaz Donostiako kaian 2011n. DVDan hiru kontzertuak ikus daitezke baina gerra hotzaren garaiko irudiekin kontaturiko istorio bat ere badago, abestien artean lotura egiten duena. Eta extra ugari ere bai:  hamabost minutuko road movie bat, lau bideoklip, eta gure adiskide Bixente Muñoz sukaldari ospetsuak sortu duen Esne Beltza pintxoa egiten ikasteko erreportaje bat. Azpitituluak erabiltzeko aukera ere ireki dugu: katalanez, frantsesez, ingelesez eta gazteleraz.
Finean helburua izan da taldeak azken hiru urteotan izan duen ibilbidea azaltzea, eta disfrutatu egin dugu gauzak sartu eta sartu.

Zuekin kontzertuetan kolaboratu izan duten hainbat musikari ere agertzen dira DVDan.
Bidelagun izan ditugunei garrantzia eman nahi izan diegu. Pertsona nahiz gizarte mugimendu asko izan ditugu ondoan, eta denak sartu nahi izan ditugu: Fermin Muguruza, Etxeberritxo, Kukai dantza taldea, Yacine, Mel, La Pegatina eta abar luze bat.

DVDan zuzenekoa jasotzen den arren kanta berriek osatzen dute CDa. Ez da oso ohikoa, ezta?
Material berria genuen esku artean eta nahiago izan dugu dena atera.

Zer dakarte kanta berri hauek.
Hau ere hiru kolpetan egin dugu. Esne Beltzaren sei abesti berri, Esne Zopaken hiru abesti berri eta sei remix. Laboari eta Sarrionaindiari omenaldi txiki bat egin nahi izan diegula ere beharra dago, beraien Oroitzen zaitudanean ama abestiaren bertsioa egin dugu orain modan dagoen balkaniko kutsua emanaz.

Durangoko liburuxkaren edizio berezi bat prestatu duzue; zer dela eta edizio berezi hori?
Proiektu hau oso berezia izan da guretzako eta berezitasun hau nabarmendu nahi izan dugu formatu honekin.

Aurkezpen kontzerturako gogoz egongo zarete, ezta?
Aurkezpen kontzertuak datorren urterako utzi ditugu. Durangon Norabidea taourreko kontzertua eman dugu eta sartu ditugu abesti berri batzuk. Baina aurkezpen formala eta kontzertu berria datorren urtean.