Wonderland **

John Holmes porno izarraren bizipen gazi-gozoak dakarzkigu James Cox zinema zuzendariak drama garratz honetan. Porno izar mitikoa izan zen John Holmes 70eko eta 80ko hamarkadetan. Bere zakilak 35 zentimetro neurtzen zituelako, bereziki. 2000 film errodatu zituen, eta 14.000 emakumezkoekin jo omen zuen larrua kameren aurrean. Holmesen distira, ordea, amatatuz joan zen apurka-apurka. Eta, amaieran, ahanzturak irentsi zuen. Hies gaitzak jota zendu zen John Holmes. Azken sasoian, droga trafikatzaile txiki batzuekin harremana izan zuen Holmesek. Lagun taldea Wonderland hiribideko etxe batean —oso ezaguna bertan egiten ziren festak zirela eta—biltzen zen. Antza denez, taldeak Eddie Nash narkotrafikatzaile arriskutsuari lapurreta egin zion. Handik gutxira, sarraskia gertatu zen Wonderlandeko etxean. Holmes bizirik irten zen. Gertaera haiek oinarri ditu Coxek Wonderland film independentean. Porno izarrak emaztearekin eta maitalearekin bizi izan zituen harremanek ere tarte esanguratsua dute. Irregular samarra da.