Wolfram 2022 LoL Txapelketan parte hartu nahi? Izen ematea zabalik!
"League of Legends" txapelketa aurkeztu du Bergarako Udalak ZTB jardunaldien baitan, Maijoku Elkartea eta Game Erauntsia Elkartearekin batera. Taldeka eta Liga formatuan jokatuko da.
Interesatua bazaude, jakin izen emateko epea zabalik dagoela eta taldeka edo bakarka egin litekeela. Lehen pausoa Game Erauntsia elkartearen webgunean erregistratzea da eta ondoren bai, txapelketan izena eman behar da.
Taldeak bost kidez osatutakoak izango dira, baina seigarren bat ordezko gisa jar daiteke. Taldekideak banaka erregistratuko dira eta, ondoren, taldeko kapitainak email bat bidali beharko du bulegoa@gamerauntsia.eus helbidera, taldearen izenarekin, logotipoarekin eta erabiltzaile izenekin. Kapitaina nor den adierazi beharko da eta mezuaren kontzeptuan “Wolfram Lol izen ematea” jarri beharko da.
Taldeak bost kide baino gutxiago baditu Game Erauntsia arduratuko da bakarka izena eman duten erabiltzaileekin taldea osatzeaz. Talde gabe parte hartzeko aukera ere badago, horretarako izena eman eta email bat bidali beharko da bulegoa@gamerauntsia.eus helbidera, erabiltzaile izenarekin, mezuaren gaian “Wolfram Lol talde gabe” jarrita. Bakarka izena ematen bada, antolatzaileek ezin dute bermatu parte hartzea, taldeei lehentasuna emango baitzaie.
Izen-emate epea urriaren 7ra arte egongo da irekita. Liga urriaren 17an hasiko da, eta 30ean bukatu.
Liga online jokatuko da eta fase finala (finalerdiak eta finala) Bergaran lehiatuko da aurrez-aurre. Antolatzaileek ordenagailuak instalatuko dituzte Bergarako Zabalotegi aretoan; beraz, parte hartzaileek beren erabiltzaileak eta pasahitzak erabili beharko dituzte horietan. Ordenagailu hauek osoak izango dira, baina jokalariek periferikoak ekartzeko aukera dute (aurikularrak, mikrofonoa, arratoia, teklatua… ). Jokalariek ekarritako periferiko hauen instalazioa zuzenekoa ez bada, (plug and play) edota bateragarriak ez badira, antolatzaileen materiala erabiliko da.
Fase finala azaroaren 5ean izango da. Aretoa 10:30ean irekiko da eta finalerdiak 11:00etan hasiko dira. Finalerdien parte-hartzaileak eta ordena email bidez helaraziko zaie taldeko kapitainei. Parte-hartzaileak egokitutako orduan aurkezten ez badira, partida galdu dutela kontsideratuko da.
Finala 17:30ean jokatuko da eta Twitch bitartez zabalduko da Game Erauntsiaren kanalean. Finala baino lehen Bergara bloketan, Minecraft eraikuntza proiektuaren baitan eraikitako lanak erakutsiko dira. Informazio gehiagorako jo Game Erauntsiaren webgunera.