Wireless: Kablerik gabeko askatasuna



Internet munduan hasi berritan, lehen begiradan, esperientzia zeharo aske eta anonimoa dela pentsa dezake batek, hau da, ez duela inork kontrolatzen: kantu eta programa piratak, politikoki zuzena ez den informazioa, legez kanpoko materialeak… Era honetan funtzionatzen duten komunikabide urrietako bat dela dirudi. Dena den, funtzionatzeko era ulertzen hasten garenean –sarea etxera nola iristen zaigun, adibidez— internetak askatasunari buruzko "ideia okerra" baino ez duela ohartzen gara. Lehenik, kontuan hartu behar dugu hornitzaile baten menpe gaudela eta esaterako, deiak, tarifa laua, ADSLa edo aukeratutako beste edozein lotura sistema hari ordaindu behar zaiola. 

Baina, zer gertatuko litzateke sarearen oinarrizko teknologiak erabiltzaileek beraiek antolatu eta kudeatuko balituzte? Zer pentsatuko zenuke erabiltzaileek eratutako azpegitura hauek konpainiek sortutakoak baino azkarragoak eta hobeak direla esango bagenizu? Edota ekimen hauek ez dutela dirua irabazteko asmorik?

"Wireless" hitzak "kablerik gabe" esan nahi du. Teknologia honek kablerik gabe funtzionatzen du, eta ohiko lotura bideekin alderatuz gero ezberdintasun bat du: bata telefono mugikorra bezalakoa da eta besteak finkoa bezalakoak.

Mugikorrari, PDAri, etxeko ordenadoreari edo eskuko ordenadoreari osagai bat (antena bat) jarrita, kablerik gabeko sare hauetara konekta gaitezke. Gainera, nodoak (antena igorleak) dituen edozein tokitatik egin daiteke internet lotura hori. 

Mugimendu hau duela bi urte sortu zen Seattle-n.
Bertako bi gaztek lotura egiteko nodo bat martxan jarri zuten, beraiek sortutako sarearekin jendeak bat egin zezan. Ideiak arrakasta izan zuen eta handik gutxira, Seattlek zenbait nodo zituen. Ekimena beste hiri batzuetara zabaldu zen AEBetan. Herrialde honetan mugimenduak badu esperientzia, eta gaur egun, hiri batzuk elkar lotuta daude. Gure artean, Gasteizko ekimena aipatu behar da (www.vitoria-gasteizwireless.net). 

Amaitzeko, datu bitxi bat. Erabiltzaile gehienentzat, ohiko ADSLa da lotura biderik azkarrena. Hemen aipatutako sareak, ordea, ohiko ADSLak baino 40 aldiz azkarragoak izan daitezke.