'Wicked 2' pelikularen estreinaldiaren harira, Ariana Grande eta Cynthia Erivo aktoreen harremanaren inguruan sortutako eztabaida
Bi aktore nagusien arteko jokaerak iruzkin asko eragin ditu sare sozialetan.
Wicked pelikula musikalaren bigarren zatiaren estreinaldiak egiten ari dira egun hauetan munduko hainbat txokotan, eta aktoreak promozio lanetan dabiltza, hara eta hona. Lehen filmak arrakasta handia izan zuen eta bi aktore protagonistek, Ariana Grande eta Cynthia Erivok, bi izendapen izan zituzten Oscarretan. Erivok Elphabaren papera jokatzen du, Mendabaldeko Sorgin maltzurra bilakatuko den kolore berdeko emakume bat, eta Ariana Grandek, berriz, Glindarena, sorgin onaren papera.
Egunotan egiten ari diren aurkezpenetan Grande eta Erivoren artean ikusitako hartu-emanak zeresana sortu du sare sozialetan. Singapurreko estreinaldian gazte batek segurtasun hesia igaro zuen eta Ariana Granderi gainera etorri zitzaion. Erivok berehala erreakzionatu zuen, gaztea baztertu eta Grande babestu zuen, segurtasunekoek esku-hartu artean.
Erivoren jarrera goraipatu zuten askok, baina hurrengo agerraldietan gertatutakoak haren jarreraren inguruko zalantzak sortu ditu. Ariana Grande kazetariaren galderari erantzuten ari zen bitartean ustez ondo zegoen lepokoa berkokatu izanak, mikrofonoa eusteak, edo aurkezle batek Granderen besoa hartu eta apur bat astintzean hura gelditzeko egindako keinuak, Erivoren gehiegizko babesaren inguruko kezka eragin du.
Zenbaiten ustez haien artean sortutako loturaren isla besterik ez da, baina batzuek iritzi kritikoagoa dute horren inguruan. "Gehiegizko kontrola eta babesa", "harreman toxikoaren zantzuak", "norberaren espazioan sartzea" eta "obsesioa" aipatu dituzte. Ariana Grande babesgabe agertzen dela eta Erivoren gehiegizko babesa behar duela dirudiela nabarmendu dute, ume bat balitz bezala.
Bien bitartean, bi aktoreek haien arteko harremanaz hitz egin dute elkarrizketetan, eta film honek pertsona, lagun, artista eta aktore modura hazteko balio izan diela azpimarratu dute. Grandek azaldu duenez, lehen aldiz elkartu zirenean "barre egin" zuten eta "berehalako segurtasuna" sentitu zuen. Ondoren "elkar zaintzeko paktua" egin omen zuten.
Egoera hau hobeto ulertze aldera, Ariana Granderen bizitzan izandako beste gertaera batzuk ere ekarri dituzte zaleek gogora. Ariana Granderen 2017ko Manchesterreko kontzertuaren amaiera aldera izandako atentatuaren ondorioz 22 hildako izan ziren. Hurrengo urtean, berriz, mutil-laguna izandako Mac Miller raperoa hil zen. Bi gertaera horiek eragindako traumaren ondoko antsietatea eta depresioa tratatzeko terapia egiten aritu da urtetan. Aktore eta abeslariak azaldu duenez, proiektu honek sendatzen lagundu dio.