Whatsapp-eko taldeko kide berriei azken mezuen historia bidaltzeko aukera izango duzu

Aurreko ehun mezu parteka daitezke kide berriarekin, testuinguruan kokatu eta parte hartzeko modua izan dezan.

Behin baino gehiagotan gertatuko zitzaizun norbaitek talde batean sartu, batzuetan aurrez abisatu gabe gainera, eta non lur hartu duen ondo ez dakien OHE baten pare sentitzea. Talde berria denean eta denak batera sartutakoak izanez gero, ez da arazorik izaten, baina aurrez elkarrizketa aktibo egon den talde baten parte bihurtzean, ez da jakiten aurrez zeri buruz aritu diren. 

Bada, hemendik aurrera taldeetako kide berriek testuinguruan kokatzeko aukera izango dute. Whatsappek iragarri duenez, administratzaileek edo taldeko kideek azken mezuak bidali ahal izango dizkiete taldekide berriei, egunean jarri eta elkarrizketaren bueltako kontuak ulertze aldera, azalpenak ematen, mezuak berbidaltzen edo pantaila-argazkiak erakusten ibili beharrik gabe. Partekatutako historialak, betiko moduan, muturretik muturrerako zifratzea izango du.

Norbait talde batean sartutakoan, azkenaldiko mezuak bidaltzeko aukera agertuko da. Gutxienez 25 eta gehienez 100 mezu hautatu ahal izango dira. 

Mezuen historia bidalketa norberak egin behar du. Taldeko administratzaileek mezuen historia partekatzeko funtzioa aktibatu edo desaktibatu dezakete. Aktibaturik badago, taldeko edozeinek bidal diezaieke partaide berriei. Desaktibatuta badago, berriz, administratzaileek soilik dute aukera hori.

Mezuen historia bidaltzean, taldeko kide guztiei jakinaraziko zaie, denbora-markak eta bidaltzailearen informazioa argi jarrita. Gainera, mezuen historia ohiko mezuetatik bereiziko da.

Mezuen historia nola partekatu
Taldekide berria gehitutakoan, azkenaldiko mezuak partekatzeko aukera agertuko da. Bidali nahi duzun mezu kopurua aukeratu, 25 eta 100 artekoa izango da, eta berretsi. Hala, partaide berriak hautatutako mezuen historia ikusiko du eta gainerako taldekideei jakinaraziko zaie. 

Funtzio berri hau pixkanaka ezartzen ari dira eta, beraz, agian pixka bat itxaron beharko duzu zure Whatsapp-ean erabiltzeko moduan izan arte.