Whatsapp-ek iragarkiak erakutsiko dizkizu hemendik aurrera

Iragarkirik ikusi nahi ez izatekotan, harpidetu eta ordaintzea izango da aukera bakarra.

Whatsappek iragarkiak izango ditu hemendik aurrera Europan, bertako legeak errespetatuz egiteko modua topatu baitu: iragarkiak kentzeko ordaindu ahal izatea. Hori dela eta, hemendik aurrera iragarkiak agertuko dira mezularitza aplikazio ezagunean. Aldaketa datozen asteotan egingo dute, pixkanaka. 

Konpainiak azaldu duenez, Whatsappen iragarkiak agertzeak negozioak, markak eta kanalak deskubritzeko aukera emango die erabiltzaileei, aplikaziotik atera beharrik gabe.

Kontuan izan behar da plataformak 3.000 milioi erabiltzaile aktibo dituela hilean mundu osoan. Beraz, erabiltzaileen parte batek iragarkietan klik egiteak diru-sarrera nabarmenak ekar dakizkioke.

Iragarkiak ez dira norbanakoen edo taldeen arteko mezuetan eta deietan agertuko, kanaletan eta egoera atalean baizik. Iragarleek kanalen atalean iradokizun modura agertzeko ordainduko dute, eta "Babestua" etiketa jarriko diete, erabiltzaileak iragarkia dela jakin dezan. 

Egoeren atalean erabiltzaileenak ikusten ari garela azalduko dira produktu edo zerbitzuak eskaintzen dituzten iragarkiak. Gainerako erabiltzaileen egoeren itxura izango dute, baina kasu honetan ere eduki babestua dela jakinaraziko dute.

Whatsappek argi utzi nahi izan du txatetako mezuek zifratze-sistema dutela eta, beraz, ezin dutela bertako edukia aztertu publizitate pertsonalizatua eskaintzeko. Iragarkiak interesekoak izate aldera, erabiltzailea zer herrialdetan dagoen, aplikazioan zer hizkuntza erabiltzen duen eta Metaren ekosisteman iragarkiekin izandako hartu-emana izango dute kontuan.
 
Harpidetza iragarkiak kentzeko bide bakarra
Aplikazioan iragarkirik izan nahi ez baduzu, harpidetza egitea izango da irtenbide bakarra. Harpidetza egiten dutenek ez dituzte babestutako kanalak ikusiko eta ezta egoeretako iragarkiak ere. Adinez txikiak direnek ez dute iragarkirik ikusiko bertan, lege europearrari jarraiki. Beraz, ezingo dute harpidetzarik egin.
 
Prezio zehatza oraindik ez dago erabat argi, herrialdearen araberakoa izango baita. Facebook edo Instagrametik nabigatzaile bidez harpidetuz gero, lotutako aplikazioetan iragarkiak kentzeko kuota hiruzpalau euroren bueltakoa izango da hilean. Google Play Store edo Apple App Store bidez eginez gero, berriz, lauzpabost euro izango dira hileko.