Wallapop-ek plataforman izan daitekeen iruzur ohikoenaz ohartarazi du
Bigarren eskuko gauzak erosteko joera handitu egin da, eta iruzurgileek gero eta bide gehiago topatzen dituzte gune horretako erabiltzaileei iruzur egiten saiatzeko.
Sareetan salerosketak gero eta ohikoagoak diren garaiotan, iruzurrerako beste bide bat bilakatu da. Wallapop-ek duela gutxi egindako ikerketaren arabera, % 68k iruzur digitalen gorakada nabaritu du, eta % 20k ez du iruzur saiakerarik jasan inoiz. % 74k ez omen du bere burua iruzur digital bat identifikatzeko gai ikusten, eta % 60k iruzurgileen teknikak gero eta konplexuagoak direla uste du.
Horren harira, Wallapopek plataforman ematen den iruzurrik ohikoenaren berri eman du, erabiltzaileak gehiago babesteko asmoz. Hain zuzen ere, arriskua ordainketak edo bidalketak plataformatik kanpo egitea izaten da. Iruzurgileak biktima konbentzitzen du produktua sistematik kanpo bidal dezan edo operazioa handik at ixteko. Horren ondorioz, plataformaren babes-neurriak galtzen dira.
Wallapopek eragiketak ixteko ordainketa sistemak ditu, ordainketa seguruak egiteko, aurrez aurre edo bertako bidalketa sistemaren bidez izan. Wallapopeko diru-zorroan txartela sartu eta behin aktibatuta, ez du berriz daturik eskatzen. Aplikazioak edo webguneak banku-datuak sartzeko eskatzen duen une bakarra atal hori balioztatzeko unea izaten da. Aktibatzeko, erabiltzaileak identitatea egiaztatzen du eta banku-kontua edo txartela gehitzen du. Garrantzitsua da prozesu horretan aplikaziotik edo webgunetik ez ateratzea, ez baita beharrezkoa.
Gainera, Wallapop Bidalketak logistika-sistema ere badu, eta erabiltzaileak urrutiko erosketak eta salmentak egin ditzake, kanpoko mezularitza-enpresak erabili beharrik gabe.
Iruzurgileek lotura faltsuak bidali ohi dituzte Whatsapp edo posta elektronikotik. Wallapop-en mezuen itxura izaten dute, eta salerosketa baieztatzeko edo ordainketa egiteko beharrezkoak direla dirudi. Erabiltzaileak loturan sartu eta datu pertsonalak edo bankuko datuak ematen baditu, gaizkileek dirua lapurtzeko erabil dezakete.
Hori dela eta, ez partekatu daturik plataformatik kanpo, eta tentuz ibili kanpoko mezuekin. Izan ere, Wallapopek aplikazioan bertan bidali ohi ditu jakinarazpenak. Segurtasunen ingurukoak grisak izaten dira, moderazio kontuetakak arrosak eta eragiketak baieztatzekoak urdinak.
Wallapopek segurtasuna ziurtatzeko talde bat du lanean, eta jakinarazi dutenez, iruzur egiteko izan daitezkeen iragarki edo perfilen % 90 geldiarazten dituzte bertan agertu aurretik edo salaketaren bat jaso aurretik. 2025ean izandako salaketen % 85 lau ordu baino gutxiagoan begiratu eta konpondu omen zituzten.