Walkmana bueltan da, baina gaur egungo garaira egokituta

Guztia digitalizatu dugun garai hauetan, formatu fisikora itzultzeko nostalgia moduko bat sortu da, baita gazteen artean ere. Hala ere, halako gailuek digitalerako pausoa eman dute.

Duela zenbait hamarkada, musika erreproduzitzen zuten kablerik gabeko irrati-kaseteak atera zitezkeen kalera, beste nonbait musika entzun ahal izateko. Geroago, formatu txikiagoak ere iritsi ziren ordea. 

80ko eta 90eko hamarkadetan walkmanak jarri ziren modan. Kasetea bertan sartu, play botoia sakatu, eta kaskoen bidez entzuten genuen musika, kalean oinez, mendian, edo norberak nahi zuen tokian. Ondoren, formatu aldaketarekin, cd irakurgailu eramangarriak atera ziren, discmanak deiturikoak. Mp3ak ere agertu ziren pixkanaka, eta Interneta eta mundu digitala erabateko indarra hartzen hasi zen heinean, kasu askotan ahanzturan galdu ziren formatu fisiko horiek. 

Mundu digitalean hain murgilduta gauden garai hauetan atzera begira jarri gara hala ere. Nostalgiak jota edota inoiz bizi izan gabeko zenbait esperientzia bizi nahian, berriz ere formatu fisikora eta ukitu daitekeen horretara itzultzeko nahia piztu da.

2018 aldera, musika kaseteen salmenta igotzen hasi zen eta grabatzeko zinten salmenta ere ugaritu zen mp3tik kasetera grabatzeko. Bai, zentzu batzuetan musika entzutera iristeko prozesua deserosoagoa izan liteke, ez hain azkarra, edota garai batean gertatzen zen moduan, kasetea honda daiteke, barruko zinta atera edo dena delakoa. Baina ukigarriak diren esperientziek beste aztarna bat uzten dute, eta musika entzuteko modua, arreta, ere ezberdina da. Gainera, kaseteak prezio onean eros litekezke gaur egun. 

Hala ere, badira gaur egungo garaietarako egokitutako walkmanak ere, kasetearen xarma mantendu eta modernizatu direnak eta baita erabat digitalera lerratu direnak ere. Horietako askok litiozko bateriak dituzte, eta baita Bluetooth konexioa ere. USB atakak, WIFI konexioa, bereizmen handiko soinua, mp3 formatuko fitxategiak eta abar dituzten walkmanak daude merkatuan. Dena den, izen bera mantendu arren, izaera bera al dute? Izan ere, halakoek mp3 gailu moderno baten edo telefono adimendun baten itxura dute. 

Zuk nola entzuten duzu musika, eta nola entzun nahiko zenuke?