VOYNICH ESKUIZKRIBUAREN MISTERIOA: ARGITUTA?
Inork ulertzen ez duen hizkuntzan eta ezagutzen ez den garai batean idatzitako liburu misteriotsua deszifratu omen dute; dena den, ikerlari guztiak ez dira ados jarri.
Historiako misterio handienetako bat argitu omen dute; Voynich eskuizkribua, hain zuzen. Ezagutzen ez duzuenontzat, misterioz inguratutako liburu ilustratua da, eta mendeak dituen arren, gaur arte inor ez da gai izan dokumentu honen orrietan gordetzen diren sekretuak argitzeko. Izena bera ere, ez da jatorrizkoa; eskuizkribua Wildrid M. Voynich espezialista lituarrak aurkitu zuen XIX. mendean, baina karbono 14aren frogaren arabera, izkribua 1404 eta 1438 urte bitartean idatzi zen.
Hain zuzen, eskuizkribua idazteko erabilitako hizkuntza zein izan zen argitu omen dute; antza denez, Ischia Italiako uhartean bizi zen moja batek idatzi zuen XV. mendean. Irla honek bisitari gutxi jasotzen zituen, eta bertan hitz egiten zen hizkuntza latinaren, hizkuntza erromantikoen eta hizkuntza prerromantikoen nahasketa bat zen. Alfabetoa latinez zen, baina ezberdintasun fonetikoak bereizteko letrak laburtzen zituzten. Hala, dirudienez eskuizkribuak belarrekin egindako erremedioak, bainuetako terapiak eta irlan bizi ziren emakumeen bakardadea (bertan bizi ziren gizon bakarra abadea eta haurrak ziren) deskribatzen omen du. Horrekin batera, 1444. urte inguruan gertatutako erupzio bat ere deskribatzen du.
Deszifraketa berri hau Bristoleko Unibertsitateko ikerlari Gerard Cheshirek egin omen du, eta honako artikuluan argitaratu ditu bere ondorioak, baina asko dira bere teoriaren aurka mintzatu direnak. Hain zuzen, ikerlari asko saiatu diren arren, orain arte inor ez da orrialdetan idatzitako hitzak deszifratzeko gai izan. Egun, Yale Unibertsitatekoliburutegian aurkitzen da, liburu arraroen atalean gordeta.