VII. Feministaldia hasi da Donostian

Plazandreok elkarteak antolatuta, Kultura Feministaren Jaialdiak hiriko Antzoki Zaharra eta Arteleku beteko ditu edukiz. Zazpigarren edizio honi denbora, espazioa, presentzia eta hitza kontzeptuek emango diote izena, eta abenduaren 13tik 15era bitarteko egitaraua ere lau ardatz horien inguruan eraiki dute.


Feministaldia batez ere jaialdi eraikitzailea da, eta kultura feministatik lanean diharduten andre sortzaileak ikusarazi nahi ditu; leku eta modu desberdinetatik, ezarritako moldeak eta esanahiak kolokan jarri eta aldaraztea bilatzen duten andre aktibistak ekarri nahi ditu lehen planora.
Zazpigarren ekitaldi hau, aurrekoak bezala, Plazandreok taldeak antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Sailaren, Emakunderen, Artelekuren eta Donostiako Kultura Sailaren babesarekin. Gainera, sorkuntza eta arte garaikidea sustatzea helburu duen DSS2016EUren Pagadi sistemaren baitan dago.
Dokumentalen proiekzioek, aurkezpenek, solasaldiek, tailerrek, aurkezpenek eta kontzertuek osatuko dute egitaraua; eta, besteak beste, interbentzio urbanoa, berrikuntza sozialerako sexualitate molde berriak, espazio publikoko komunikazioa, literatura eta feminismoa bertsolaritzan izango dira lanketa gaiak. Sarrera librea da eta tailerretan parte hartzeko feministaldia@yahoo.es helbidera idatzita eman behar da izena.