Vidania Teatroaren 'Agurra' antzezlana izango da gaur eta bihar Donostian
Maitasuna, gorrotoa, arrangura eta damua dira obraren gai nagusiak.
Donostiako Antzoki Zaharrak Vidania Teatroaren Agurra antzezlana hartuko du gaur eta bihar, 19:30ean. 70 minutuko iraupena duen obra honek aita-semeen istorioa du ardatz.
Aita izango dela jakin duen semea buruko gaixotasuna duela jakin duen aitarengana joango da kontu eske, ahanzturan erori aurretik, boxeo borroka egiteko prest. Kolpeek, urteetan isildutako minak eta beldurrak azaleratuko dituzte. Gizon "ahularen" eta gizon "indartsuaren" arteko aurrez aurrekoan asko dago jokoan; semeak dena irabazteko dauka, eta aitak, aldiz, dena galtzeko.
Sortzaileek adierazi dutenez, "maitasuna eta gorrotoari buruzko obra da" Agurra, "barrengo arrangura eta damuari buruzkoa". Iragan berari lotuta dauden bi gizon bakartiren istorio honek Kandido Uranga eta Iñigo Gastesi ditu aktore, Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean. Nina Mitrovic kroaziarra da obraren autorea eta J. Luis Aranguren “Txiliku"-k ekarri du euskarara.
Emanaldirako sarrerek 12 eta 18 euro arteko prezioa dute eta hemen eskura daitezke.