Venezuela: Margarita baino askoz gehiago
Azkenaldian albistegietan askotan agertzen den arren, nahiko herrialde ezezaguna da Venezuela. Margarita irlara joaten dira ezkonberri eta maitemindu ugari, baina bost izarretako "dena barne" horietan, nekez ezagutzen ahal da Karibeko herrialde horren xarma. Hona hemen, joan den uztailean Venezuelara egin genuen bidaiaren kronika. Gaur egun, abenduan izatekoak diren hauteskundeetarako prestatzen ari da Karibeko herrialdea. Berriro ere, Hugo Chavez aukeratuko ote dute presidente?
Caracas hiriburua izan ohi da bisitariak Venezuelarekin duen lehen hartu-emana, eta, egia esatera, Caracasek ez du batere inpresio ona ematen. Venezuelak dituen 24 milioi biztanleetatik, heren bat bizi da hiritzar horretan, eta bere inguruetan. Hain zuzen, jende pilaketa ikaragarriak are zatarrago bihurtu du berez xarma berezirik ez duen Caracas.
Hiriburuaren ikuspegi osoa izateko, El Avila mendira igotzea da gauzarik onena. El Avilak 2.000 metro ditu, eta hiriburuko erdigunetik abiatzen den teleferiko batetik igotzen ahal da bertara. Tontorretik, eraikin modernoenak etxola ugarien alboan ikus daitezke, nahas-mahasean,
Auto-ilara amaigabeak, jendearen etengabeko joan-etorriak, "buhonero"-ak (imajinatzen ahal den edozein gauza eskaintzen duten kale saltzaileak), kutsadura, zikinkeria, eta kolore grisa dira nagusi Caracasen. Eta hori gutxi balitz, oso hiri arriskutsua dela ohartarazten dute, behin eta berriz, bertakoek. "Malandro"-ekin (gazte gaizkileak) arreta handiz ibili behar dela esaten dizute, eta hainbat "barrio"tan ez dela sartu behar, are gutxiago gringo itxura izanda.
Paraje harrigarriak
Baina Venezuelarekiko lehen harreman hori, irudi distortsionatua baino ez da. Hiriburutik kanpo, oso bestelakoa da herrialdea. Hortaz, Caracas-etik alde egiterakoan, benetako gozamena hasiko da. Hain herrialde handia izanik (900.000 kilometro koadro), zaila da norantza aukeratzea, ia denetik baitu Venezuelak. Batetik, Karibe itsasoak edertutako kostalde luze-luzea du, hamaika hondartza eta irlekin. Bestalde, 5.000 metrotara ailegatzen diren Andeetako azken mendiak daude, eta Amazonas oihanaren puska eder bat. Dena den, ez dira hor amaitzen paraje harrigarriak: munduko ur-jauzirik luzeena, Maracaibo laku itzela...
Venezuelan ez du balio presaka ibiltzeak, eta gauza guztiak (joan-etorriak, egonaldiak, harremanak...) patxadaz egin behar dira. Beroak edo akaso geneek eraginda, Karibe aldean oso erritmo berezia dute, eta den-dena patxadaz egin, eta hartu behar da. Hortaz, hobe da presa eta estresa etxean uztea.
Horrez gain, batetik bestera mugitzea ez da beti erraza izaten. Herri nagusietara ailegatzeko ez dago aparteko arazorik, autobus zerbitzua nahiko ona baita, eta errepideak ere txukun samarrak. Baina herri txikiagoetara joateak pazientzia handiago eskatzen du; normalean, autobus txikiak, postuetako taxiak, edo kamionetak aurkitu beharko ditu bisitariak. Ameriketako herri askotan bezala, trena ez da existitzen Venezuelan, eta abioiez mugitzea garestiegia da bidaiari txiroentzat.
Tepuiak, mendiak eta hondartzak
Aukera ugarien artean, Venezuela hego-ekialdean dagoen Canaima parke nazionala da erakargarrienetakoa. Bertara ailegatzea ez da erraza, ordea. Izan ere, Ciudad Bolivar edo Puerto Ordaz herrietara joan behar da, eta han "tour" bat kontratatu, ez baitago beste modurik zibilizaziotik at dagoen Canaimaraino ailegatzeko. Zer den "tour" delako hori? Turismo-hegazkin txiki eta ezegonkor batean ordubeteko bidaia, Gran Sabana deitutako ordoki amaigabearen gainetik.
Venezuelako bi altxor handienetakoak daude Canaima parke naturalean. Batetik, Salto del Angel ur-jauzi ezaguna, 979 metroko jauziarekin munduko luzeena.
Salto del Angelek ez du zerikusirik Niagara edo Iguazurekin, haiekin konparatuta, hari mehea besterik ez baita Salto del Angel; baina garaia da, izugarri garaia, eta hari begiratzen diona hipnotizatu antzera gelditzen da. Salto del Angel oso gordeta dago, hura ikusi ahal izateko txango luze eta ederra egin behar da, ibaitik gora, "curaira" batean (inguruko biztanleek erabiltzen duten txalupa bat).
Dena den, Salto del Angel ur-jauzia ez da Canaima parke erraldoian dagoen gauza harrigarri bakarra. Horrez gain tepuiak daude, munduko mendirik zaharrenak omen direnak. Edonor aho zabalik uzteko modukoak dira tepuiak: 2.000 metro inguruko altuera dute, eta harrizkoa eta laua izaten da haien tontorra, mendia ebakita egonen balitz bezala. Baso itxiez inguratuta daude tepuiak, eta misteriotsuak eta erakargarriak dira, galdutako mundu baten aztarna bizia diruditela. Canaima parkean, ehunka tepui daude. Nonahi agertzen da haien silueta zapala.
Natura jaun eta jabe
Canaimakoaz gain, parke nazional ugari dago Venezuelan, natura jaun eta jabe baita herrialde osoan. Parke natural horietako batzuk Mochima, Morrocoy kostaldean daude, eta horietan, jenderik gabeko hondartza ezin lasaiagoak aurkitzen ahal dituzu, edo irlaz irla ibili. Eguzkipean egon zaitezke, kokoen ura edo garagardo bat edanez, Karibeko ur epeletan bainu bat hartuz, itsaski batzuk dastatuz... ez da plan makala! Eta Venezuelan, ezin konta aukera dago horretarako, Margarita irla ezagunera hurbildu behar izan gabe. Hori guztiaz gain, giro hippia nahi duenak Choroni herrixka zoragarrian aurkituko du.
Baina mendizalea ere asetzen ahal du Karibeko herrialde honek, mendebaldeko inguruetan. Merida herritik inongo teleferikorik luzeena abiatzen da, bidean hainbat geldialdi eginda, 4.000 metrotik gora igotzen dena. Altuera horretatik, parada ezin hobea duzu zerura zertxobait gehiago gerturatzeko, esku-eskura baitaude ia 5.000 metro duen Humboldt mendia eta Venezuelako sabaia den Bolivar gaina (5.007 metro).
Bestela ere, gaztetan piraten liburuekin amets egiten zuenak Maracaibo izanen du zain, izen bereko lakutzarra estutzen den lepoan, izen bereko hiria baitago. Handik gertu, itsaso aldean, Venezuelako diru-iturri nagusia dago: petrolioa. Eta mota guztietako animaliak maite dituena Los Llanosetako ordokietan galtzen ahal da, zerumuga lagun bakarra duela.
Herri abegikorra
Lekuak garrantzitsuak dira: bista ederrak, inguru zoragarriak, lagunei erakusteko argazkiak... baina Venezuelak beste opari asko ditu bisitarientzat.
Abegikortasuna berezkoa dute venezuelarrek: normalean, oso ongi hartzen dute kanpotarra, baina batere estutu gabe. Hitz jario erraza dute, eta kontu kontari aritzeko aukera ugari dago: gaiak ez du aparteko garrantzirik, berez hitzontziak dira venezuelarrak. Horren adibide garbia da sakeleko telefonoen kopurua; gurean izurritea larria dena Venezuelan are gaitzagoa da.
Edozein solasaldirako, garagardoa da ezinbesteko osagaia. Cisneros familia ahalguztidunaren Polar garagardoa, jaun eta jabe da Venezuela osoan. Arina eta freskoa, beroaren kontrako armarik eraginkorrena da garargardo hori. Horrez gain, kafe beltza hartu behar. Eta gau partean, herrialdearen edari nazionala: rona (eta aukeran, hutsa). Eta alkoholaren gehiegikerietan ez erortzeko, mota guztietako zukuak daude. Errezeta erraza da: izotza, azukrea eta fruitu gozoak.
Iepa, arepa!
Jan ere, ederki jaten da. Venezuelarren jaki kutuna "arepa" da, artoirinez egindako torta bat, kebab txiki baten itxurakoa. Barnean gazta, urdaiazpikoa, haragia, arraina edo bururatzen zaigun oro jartzen ahal diote. "Arepa"k kale bazter guztietan saltzen dituzte, baina badira espresuki horretan aritzen diren lokalak, "arepera" izenekoak.
Bestetik, etxetik kanpo bazkaltzeko ohitura dago Venezuelan bereziki hiri handietan, eta "arepak" ez ezik, hot dog, hanburgesa eta enpanadek osatzen dute ohiko menua. Elikadura horren ondorioz, potolo itxurakoak dira venezuelar gehienak. Eta kontrako ustea badago ere, itsusi samarrak dira. Hori bai, asko zaintzen dute itxura, eta dirutza gastatzen dute haien burua edertu nahian.
Hau guztia kontatuta, bitxi samarra gertatzen ahal da ondorengoa: ez dago apenas kanpoko bidaiaririk Venezuelan. Motxiladun gutxi dabil han, eta are gutxiago goi mailako turistarik (turista bakanak Margarita Irlako metro koadro eskasetan pilatzen dira). Azpiegitura turistiko handirik ez dago Venezuelan ezta "youth hostel"-ik ere, barne turismoari begira prestatuta baitago dena. Baina, venezuelarrek argi dute zein den horren arrazoia: "Petrolioa dugun bitartean, zertarako behar dugu turismoa?". Horrexegatik, lasaitasunez bidaiatzea maite duenak aukera paregabea izanen du herrialde eder eta abegikor honekin gozatzeko.
Chavez Iraultza, sendo
Azken urteotan, Venezuela hedabide guztietan izan dugu aipagai; beti ere, hango egoera soziopolitiko nahasia dela kausa. 1999. urtean, Hugo Chavez militarrak agintea eskuratu zuen, eta orduz geroztik, iraultza bolivartarra delakoa dago martxan Karibeko herrialde horretan. Izan ere, Chavezen politikagintzaren iparorratz nagusia Simon Bolivar da, jatorri bizkaitarra zuen Ameriketako herri askoren askatzailea.
Egindakoen ondorioz, gaur egun, Chavezek miresle bezainbeste etsai ditu. Eta horrexegatik, Venezuelan ez dago epel izaterik Chavezen inguruan: iraultzarekin bai ala ez; Chavezen alde ala kontra egon behar duzula, alegia. Hala ere, Venezuelako eguneroko bizitza, ez da enpresa handien menpe dauden nazioarteko hedabideek dioten bezain gatazkatsua. Herritarrek haien hautua egina dute, eta, oraingoz, iraultzaren aldekoak dira nagusi.
Venezuela orain guztiona da, horixe da gobernu iraultzaileak nonahi zabaltzen duen leloa; mende luzez gutxi batzuen eskutan egondako boterea, venezuelar guztien eskutan jartzea baitu xede. Hori lortzeko, orain dela zazpi urte, Venezuelako egitura guztiak aldatzeari ekin zioten, eta egin beharreko lana erraldoia den arren, begi-bistakoak dira fruitu asko: hezkuntza, osasungintza eta gizarte zerbitzuetan, bereziki.
Dena den, arestian aipatu bezala, egoera berria ez da guztien gogoko. Orain gutxi arte ederki bizi zirenetako gehienek, ez dute batere maite iraultza bolivartarra, eta, kosta ahala kosta, Chavezen agintaldiarekin amaitu nahi dute. Haien eskutan daude herrialdeko hedabide garrantzitsu gehienak, eta horien bitartez, egunero aireratzen dituzte Kuba berria-n gertatzen ari diren ustezko bidegabekeriak.
Eta zurrunbilo horren erdian, Hugo Chavez Frias dago. Venezuelan, nonahi ikusten ahal da bere irudia; izan ere, bera da iraultza bolivartarraren ikur nagusia, Venezuelan bertan, zein atzerrian. Ez-ohiko politikagintza egiten du Chavezek: protokoloa ez du batere maite, eta ahoberoa da askotan. Hala ere, venezuelar gehienek fede itsua dute berarengan, ikusi egin baitute azken urteotan herrialdean gertatu den aldaketa itzela. Amona batek, ongi laburbildu zigun harekiko askok duten pentsamoldea: egunero otoitz egiten dut Chavezen alde, deus gerta ez dakion. Badakit hil egin nahi dutela, eta horrelakorik gerta ez dadin egiten dut otoitz. Eta ni bezala, Venezuelako amona askok.
Aurtengoa hauteskunde urtea da Venezuelan: abenduan, datozen zazpi urteotarako lehendakaria hautatu behar dute. Iraultza bolivartarra sustengatzen dutenen aldetik, argi dago zein izanen den hautagaia, Hugo Chavez egungo presidentea. Chavezi aurre egiteko, oposizioko taldeek Sumate izeneko plataforma eratu dute, baina haien arteko ezinikusien ondorioz, ez dira hautagai bateratua aukeratzeko gauza izan.
Hauteskunde kanpaina eta bozketa eguna, liskartsuak izanen direla aurreikusi daiteke; besteak beste, Amerikako Estatu Batuetako amesgaiztoa bihurtu delako Venezuela. Hala ere, badirudi venezuelarren gehiengo zabalak berriro ere iraultza bolivartarra bultzatuko duela. Eta herritar askok diotenez, luzerako izaten ahal da: Chavezek izaten ahal duen arerio nagusia Chavez bera da.