'V for Vendetta' eta David Lloyd ilustratzaileari buruzko jardunaldiak Gasteizen

Ilustratzailea bera Gasteizen izango da komikiak sinatzen eta baita hitzaldi bat ematen ere.

V for Vendetta komikien zaleek gozatua hartzeko parada izango dute aste honetan Gasteizen, Ignacio Aldekoa Kultur Etxeak eta Caracola komiki-dendak komiki-istorioari eta David Lloyd ilustratzaileari buruzko jardunaldiak antolatu baitituzte otsailaren 3tik 5era. Maskara ospetsu eta aldarrikatzailearen marrazkilaria bertan izango da gainera. 

Jardunaldiak otsailaren 3an hasiko dira eta V for Vendetta aztertuko dute egun horretan, 19:00etan, kultur etxeko areto nagusian.  Azucena Monge eta Joseba Gomez komiki adituek David Lloyden lanaren esanahiaren eta eraginaren inguruan hausnartuko dute. Hurrengo egunean, otsailaren 4an, David Lloydek komikiak sinatuko ditu, 16:30etik 20:30era, Caracola Comics dendan. Azkenik, otsailaren 5ean, larunbata, Lloyd-ek hitzaldia emango du berak sortutako lanaren inguruan, eta bere esperientziari buruz hitz egin eta ekitaldira joango diren pertsonen galderei erantzungo die. Hitzaldia 11:00etan izango da areto nagusian.

V for Vendetta Alan Moorek idatzi eta David Lloyd ilustratzaileak sortutako nobela grafikoa da. Komikiak Erresuma Batuen etorkizuneko historia hurbila kontatzen du, 90eko hamarkadan kokatua, eta gizarte distopiko eta post-apokaliptikoa erakusten du. Gerra nuklear baten ondorioz, munduaren zatirik handiena suntsitua dago, eta alderdi faxista batek bereganatu du boterea Erresuma Batuan. Maskararen atzean ezkutatzen den V izeneko iraultzaile misteriotsu batek gobernua deuseztatu eta gizarteari eredu politiko-sozial ezberdin baten beharra dagoela ikusarazteko kanpaina estrategiko eta bortitza jarriko du martxan. Zinemara ere egokitu zuten istorioa 2006an, izenburu berarekin; Wachowski ahizpek idatzi zuten gidoia eta James McTeigue australiarrak zuzendu zuen. Hugo Weaving aktoreak jokatu zuen V-ren papera, eta Natalie Portman eta Stephen Rea izan ziren filmeko beste aktoreetako batzuk.